Azkenaldian, gehiegi gustuko ez ditudan zinemagileekin onerako sorpresa izaten ari naiz. Pedro Almodovar, Alejandro G. Iñarritu eta Iciar Bollainekin, esaterako. Hain zuzen, azken horren El olivo (2016) filma da aste honetan ikusi dudana. Egunkari bateko "gertaeren" atalean aurkitutako istorio sinpatikoa, baina aldi berean dramatikoa kontatzen du, izan ere, une askotan gertatu zait negar egin dudan bitartean ikusle asko barrez lehertzen entzutea. Areago, haserre puntu batekin, nere buruari galdetu diot ea zerk demontre eragin dien halako gogoa. En fin. Ikuspuntuak zer diren.
Alma (Anna Castillo, 1993) filmaren protagonista izan da sentitutako negar emozio horren erantzulea. Neska gaztearen interpretazio bikainarekin batera egin dut negar. Olibondo bat medio, aitonarekin duen harreman sendo, sakon, zintzo eta maitagarri horrek astindu dit barrena. Inbidia pixka bat eragin ere bai. Baserrian bertan bizi den familiak olibondoa errotik atera eta hura saldu ondotik, Alma da aitonaren tristura eta hilzoria (jada ez du jaten, ez eta berbarik egiten ere) ulertzen dituen pertsona bakarra. Beharbada, helduak gaudelako noraezean, egunerokoak eta interes pertsonalak irentsita. Norberaren ongizatea eta dirua baitira olibondoa saltzeko dituen arrazoi nagusiak.
Hala, Dusseldorf (Alemania) du helmuga Almak. Olibondoa hango energia enpresa pribatu baten ikur bihurtu da eta, aitona bere onera ekarriko duelakoan, baserrira bueltatzeko plana asmatzen du. Esan eta egin. Oztopo guztien gainetik. Halako ispiritu gutxi ezagutzen dira azkenaldian. Beharbada, horregatik neska gazte baten figura. Inozotasun balio hutsaren isla, gauzak aldatzea posible dela erakusteko. Edo ez.
Istorio honetan hori horrela den ala ez jakiteko, ordea, onena duzue filma ikustera joatea. Merezi duelako. Entretenigarria izateaz gain, gogoeta egitera bultzatzen zaituelako. Nire ustez, estimu handiko gauza zineman. Eta ados, aitortuko dut: niri ere barrea eragin zidan batzuetan... ikuspuntuak ikuspuntu!