Aenak langileei eta arabarrei "xantaia" egin nahi diela salatu dute Forondako langileek

Erredakzioa 2016ko mai. 11a, 17:59

Goizeko txandako langileen greba dela eta, udarako aurreikusita dauden charter hegaldiak bertan behera geratzeko "arriskua" dagoela adierazi du Aenak.

Aenako zuzendariek agerraldia egin dute gaur Forondako aireportuko langileek egiten ari diren grebaren ondorioak aztertzeko. Aenako arduradun Julian Camarak ohartarazi du Forondako aireportuan igande honetatik aurrera aurreikusitako charter hegaldiak “arriskuan” daudela. Gauekoak, aldiz, aterako dira, soilik goizeko txandako langileak ari baitira greba egiten.

Aenak Foronda ekainera bitartean goizez zabaltzeko aldi baterako 22 langile kontratatu zituen eta greba behargin hauei bakarrik eragiten diela kritikatu du. Aldi berean, langile hauek enpresa batzordeak deitutako batzarrean ez zutela bozkatu salatu du. Orain, eta greba bertan behera geratu ezean, aldi baterako kontratatu dituzten langile hauei kontratua eten beharko dietela adierazi du. Camarak esan du igandetik aurrera eta udarako Forondan programatuta zeuden charter hegaldiak beste aireportu batzuetara eraman beharko dituztela.

“Xantaia”, langile-batzordearen ustez

Bestetik, Forondako langile-batzordeak Aenak “langileei eta arabarrei xantaia” egin nahi diela esan du, “porrot egin duen aireportu-eredua ezartzeko asmoz”. Hori dela eta, negoziatzeko eta aireportuaren bideragarritasuna bermatuko duen plana adosteko eskatu dio.

Ohar baten bidez langileek salatu dutenez, “Aenak manipulazio-kanpaina jarri du abian, aireportuko erabiltzaileen kalterako diren erabakiak justifikatu ahal izateko”.

Egoera honi aurre egiteko, langileen ordezkariek alderdi politikoekin, gizarte-eragileekin eta erakundeekin biltzeko asmoa agertu dute, euren eskaerei bultzada bat emateko a eta Aenak Forondan duen “benetako estrategia agerian uzteko”.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide