Bidezko merkataritzaren eguna ospatuko dute Arabako zenbait herritan

Erredakzioa 2016ko mai. 11a, 14:55

#BidezkoMerkataritzaNaiz lelopean, egitarau zabala prestatu dute. Egun ezberdinetan Gasteizen, Agurainen, Dulantzin eta Laudion ospatuko dute.

Maiatzaren 14an, larunbatean, Bidezko Merkataritzaren Mundu Eguna ospatuko da Gasteizen, Bidezko Merkataritza naiz lelopean. Bidezko merkataritzan lan egiten duten erakundeek eguna ospatzeko gonbita egin diete herritarrei, prestatu duten egitarauaren jardueretan zein sare sozialetako #BidezkoMerkataritzaNaiz kanpainan parte hartuz.

Tailerrak, produktuen salmenta eta pintxoen ibilbidea

 Goizean haurrentzako tailerrak egingo dira Probintzia plazan (txapak, txalaparta, paper birziklatuzko tximeletak), zunba-elkarretaratze handia egingo da Lain Lopezen eskutik, eta batukada eta txokolate-jana izango dira. Gainera, bidezko merkataritzako produktuen salmenta eta dastaketarako postuak egongo dira. Nahi duenarentzat, photocall bat ere egongo da, argazkiak ateratzeko eta haiekin #BidezkoMerkataritzaNaiz kanpainan parte hartzeko sare sozialetan. Bidezko merkataritzako pintxoen ibilbidea hiriko 14 ostalaritza-establezimendutan egingo da.

Arratsaldean, kontzertuak eta sukaldaritza-ikastaroa

Arratsaldean, jarduerak Falerina lorategira mugituko dira: helduentzako zein txikientzako sukaldaritza-tailerrak bidezko merkataritzako produktuekin; kontzertuak, clownak; eta grafiti bat zuzenean sortzea.

 Aurreko egunetan ere sentsibilizazio-jarduerak egingo dira. Horrela, maiatzaren 11n, asteazkenean, teari buruzko tailerra eta dastaketa egingo da, eta maiatzaren 12an, ostegunean, agroekologiaren eta bidezko merkataritzaren inguruko hitzaldi bat egongo da.

Gasteizen ez ezik, Arabako hainbat herritan ere ospatuko da nazioarteko egun hau. Dulantzin, maiatzaren 13an izango da, Agurainen maiatzaren 16an eta Laudion maiatzaren 22an.

 Setem Hego Haizea, Medicus Mundi Araba, Oxfam Intermon, Serso San Viator, Corazonistas fundazioa, Bide Bidean eta Manos Unidas elkarteek antolatu dute egitaraua, Gasteizko Udalaren laguntzarekin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide