Bizikletentzako bide eta ibilbide berde gehiago izango ditu Arabak

Erredakzioa 2016ko mai. 11a, 11:15
Arabako ibilbide berdea, Laminoria Gaunan.

Besteak beste, Gasteiz Iruña-Oka eta Gorbeiarekin edo Agurain Araiarekin lotzea aurreikusten du Aldundiak aurkeztu duen planak.

1.071 kilometroz osatuta dagoen ibilbide berdeen gaur egungo sareari txirrindularientzako 13 bide gehiago (70 kilometro) eta 19 ibilbide berde gehiago (225 kilometro) gehituko zaizkio. Horrez gainera, 7 ibilbide handi aurreikusi dituzte, Araba iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera konektatuko dutenak, guztira, 365 kilometroren bitartez.

Arabako Foru Aldundiak txirrindularientzako bideen eta ibilbide berdeen Arloko Lurralde Plan berriaren aurrerapena jasotzen duen dokumentua aurkeztu zuten atzo. Plan horretan, foru erakundeak hurrengo hamar urteetarako planifikatuko dituen txirrindulari eta oinezkoentzako azpiegitura berriak jasotzen dira.

38 ibilbide berri

  Besteak beste, 38 ibilbide berri proposatzen ditu. Batetik, bizikletentzako 13 bide berri planteatzen ditu, gaur egungo sareari 70 kilometro gehituko dizkiotenak. Esate baterako, Ibarra Arrasaterekin (industria eta unibertsitate aldea) lotzen duen bidea, edo Gasteiz Etxabarri-Ibiñarekin, Agurain Araiarekin edo Bastida Harorekin lotzen dutenak, beste askoren artean.

 Era berean, plan honetan osagarrizko 18 ibilbide berde proposatzen dira, oraingo sarea osatu eta hobetuko dutenak. Kasu honetan, asmoa landa herriguneak ibilbide handiekin lotzea da, hala nola, Inaziotar Bidearekin edo Santiago Bidearekin, eta 224,68 kilometro gehiago egingo dituzte. Adibide batzuk, Arabako hiriburuaren eta Iruña-Okaren edo Gorbeiako parke naturalaren arteko loturak dira.

Araba mutur batetik bestera lotu

 Finean, plan berri honek 7 ibilbide handi proposatzen ditu, lurraldea mutur batetik bestera konektatuko dutenak. Ardatz handiak dira, bizikletaz erabiltzeko modukoak beren luzera gehienean. Ibilbide handiek, orotara, 364,57 kilometro egingo dituzte bide handietan, hala nola Egino-Gasteiz-Valderejo edo Labastida-Gorbeia.

 Proiektu honen asmoa da motordun ibilgailuen trafikoaren eragina murriztea, mugikortasun jasangarria bultzatzea eta lurraldea konektatzea, landa eremuak hirietara hurbilduz eta alderantziz. Era berean, Arabako natura, historia eta kultura ondarea balioztatzeko aukera emango du.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide