"Jakintzagai batek bakarrik ezin du korapilotzar hau askatu"

Anakoz Amenabar 2016ko mai. 5a, 09:00

Eliseo Gil, Gasteizko alde zaharrean. / I.Estarrona.

Veleia auzia argitzeko "eztabaida zientifikoaren" beharra nabarmendu du Eliseo Gilek (Gasteiz, 1961) eta helburu horrekin antolatu dute nazioarteko biltzarra; hainbat aditu bilduko ditu Europa jauregiak larunbatean.

Hamar urte joan dira Iruña-Veleiako aurkikuntzak aurkeztu zituztenetik, eta zortzi urte batzorde zientifiko batek horiek faltsutzat jo eta Arabako Aldundiak Lurmen arkeologia enpresako kideak auzibidean jarri zituenetik; tartean Eliseo Gil, aztarnategiko lanen burua. Indusketa prozesuan "hainbat akats" izan zirela onartu du, baina piezak benetakoak direla berretsi. 

Zein hausnarketa egin duzu urte hauetan zehar? Zein ondoriotara heldu zara?

Hausnarketa asko izan da, kontzientzia azterketak, iraganera hainbatetan bueltatu, akatsak ikusten saiatu. Prozesu hori guztia gaixotasun larri bat izango banu bezala bizi dut; uste dut hori dela konparazio egokiena. Denetik ikasten da zerbait, zalantzarik gabe, baina horren gogor jo ninduen, aurre egiteko gaitasun gutxi utzi zidala. 

Piezen egiazkotasuna defendatu zenuen hasiera batean. Hasierako jarrerari eusten diozu?

Bai. Bi atal nagusi daude: zientifi koa eta judiziala. Bigarrenari dagokionez, bere erritmoa darama eta oso zaila da gidoitik ateratzea. Eta, zientifikoari dagokionez, hasieran bezala jarraitzen dugu: egiazko aurkikuntza batzuk direla defendatzen dut, eta ez dela zientifikoki demostratu gaur egun kontrakorik. 

Euskal filologiako aditu gehienek faltsuak direla esaten dute. Haiekin hitz egin eta eztabaidatzeko aukera izan al duzu?

Ez, ustekabeko elkartze batzuk salbu, ez da aukerarik izan ikuspuntuak alderatzeko, nahiz eta hamaika aldiz gonbidatu ditugun halako ekitaldi bat antolatu dugun bakoitzean euren ikuspuntua azal zezaten.

Asteburuko jardunaldietara ere gonbidatu dituzue?

Bai, noski. Beti gonbidatzen ditugu.

Eta zein izan da erantzuna?

Ez da erantzunik izan.

Piezak faltsuak direla defendatzen dutenen kontra, zer egin dezakezu?

Saiatu zientifikoki demostratzen demostratu daitekeena, probak aurkeztu, paraleloak. Urte hauetan guztietan uste dut lan zientifiko ugari egin direla gaiaren inguruan, batzordeko kideek zuten jarreren erabat kontrakoak, eta horietako batzuk publikatuta daude. Beste aldetik, ordea, ez da publikazio zientifikorik izan, edo oso gutxi. Alde horretatik, lana egin dela uste dut, eta beti ahal izan dugun mailan; noski, ni nagoen egoera ez da onena ikerketa zientifiko proiektu batean sartzeko. Halere, esan behar da bide honetan zehar gauza txar asko egon direla, baina beste on batzuk ere bai, herritar batzuek kolaboratu dute, borondatez, euren zientzia arloetatik, txosten berriak prestatu eta ikerketa berriak eginez, piezak benetakoak direla erakusten dutenak.

Goizegi aurkeztu zenituzten aurkikuntzak? Ikerketa horiek guztiak ezin zitezkeen aurretik egin?

Bai, noski egin zitezkeela lehenago. Baina komunikatzeko garaia zela pentsatu genuen; halako proiektuetan ohikoa izaten da, lehenengo, gizarte komunikazioa egitea eta, ondoren, ikerketa zientifikoa garatzea. Uste genuen baietz, momentua zela, baina dudarik gabe konfunditu ginen, beste hainbat gauzatan bezala.

Zalantzarik izan al duzu noizbait?

Duda metodikoa beti. Beti kontuan izan behar dira aukera guztiak, baina ikuspegi intelektual batetik nik, gaur egun, ez diot beste aukerarik ikusten, benetako aurkikuntzen aurrean gaudela baino ez.

Filologoek diote ezin daitezkeela IV. eta V. mendeko idazkunak izan...

Zientifikoki argudiatu behar dute. Euren argudioek konbentzitu zaitzakete edo ez. Ari zara hizketan hasiera batetik ezagutzen ditugun iritzi batzuen inguruan eta, normala den moduan mantendu egiten dituzte. Baina horraino heltzen gara, besterik ez.

Ez al dira argudio filologikoak nahikoa faltsuak direla demostratzeko?

Ez. Erabat kontra. Jakintzagai bakar bat ere ez da gai, hau bakarrik, korapilotzar hau askatzeko. Ez kasu honetan eta ezta historikoki ezagutzen diren beste batzuetan ere. Pare- kotasunak dituen adibide bat jartzearrean, Prenesteren figura daukagu, XIX. mende amaieran deskubritu zutena, eta arazo filologiko eta arkeologiko bat ekarri zuena, ustezko faltsifikazioak tartean; 2014. urtean oraindik ikuspuntu zientifiko batetik zalantzan zegoen, eta azterketa fisiko-kimiko batek benetako aurkikuntza zela erakutsi zuen azkenik. Filologia eta epigrafiatik kondenatu zuten ustezko iruzurragatik, txutxumutxu ugari tartean, Veleiarekin gertatu den moduan; arlo batzuetan, erabat atera da bidetik, eztabaida zientifikotik, eta prentsa arrosaren antza gehiago du honek.

Aurkikuntzak izan ziren momentutik aurkezpen egunera arte gertutik jarraitu zenuen prozesua?

Bai, noski.

Konfiantza osoa duzu laneko kideengan?

Bai. Nik ikusi dudanagatik eskua jartzen dut sutan.

Ruben Cerdanek aurkeztu zuen piezen datazio azterketa egokia izan al zen? Fisikari nuklearra zela esan zuen, agiririk erakutsi gabe.

Tamalez, konfiantza jarri genuen harengan. Izan genuen akatsetako bat izan zen pertsona honekin kontatzea, haren lanak ezin izan zituelako egiaztatu, eta afera honen eztabaidagai nagusia izan da. Aurkikuntzen aurkezpena egin genuenean haren lanaren babesarekin kontatzen genuen, haren analitika zientifikoekin, eta zoritxarrez ezin izan zituen frogatu.

Zer iruditu zaizu Aldundiaren jarrera urte hauetan guztietan?

Zaila da iritzia ematea. Haren eskuduntza guztiak erabili ditu, baina ni auzia judizialki konpontzearen erabat kontrakoa naiz. Uste dut debate zientifikoarekin konpondu zitekeela auzia, bidetik atera gabe hau guztia eta gaur egun dugun tragikomedia hau bilakatzeko arriskurik gabe.

Egiazko idazkunak izatekotan, zeinek izan dezake interesa faltsua dela demostratzeko?

Interesak argi daude. Hainbat teoria daude bertan behera geratzen direnak, euskararen antzinatasunaren ikuspegitik zein Euskal Herriaren kristautasun prozesuaren aldetik. Postura horiek talka egiten dute piezetan erakusten denarekin. Badakit aldaketarako erresistentzia ezaguna dela ikerkuntzaren arloan, eta arazo ugari eragin ditu horrek, ez honetan bakarrik.

Eta faltsuak izatekotan, atzean zein izan daitekeela uste duzu?

Ideiarik ez daukat.

Korapiloa askatzeko, zer behar da zure ustez?

Uste dut ikerketa fisiko-kimiko bat egitearena aukera ona dela, eta uste dut hortik askatu daitekeela gaia behin betiko. Amestutako baldintzatan, material horietarako sarrera askea izango genuke eta aurrekontua horretarako. Eta uste dut hilabeteetan argitu daitekeela, alde batera edo bestera. Espero dut Altamiran edo Prenesteren auzian behar izan zuten denbora behar ez izatea eta laster argitzea.

Momentu honetan, lanean ari al zara?

Orain ezer gutxi egiten ari naiz, nire defentsa prestatzen ditut lanak. Eta bizirik irauten. Nire karrera profesionala eta pertsonala eten ziren nahas-mahas hau gertatu zenean. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago