‘Arabako Suhiltzaileak’ erakunde autonomoa sortzeko lehen urratsa egin du Aldundiak

Erredakzioa 2016ko mai. 4a, 09:44

Erabaki hau lurraldeko suhiltzaileen parkeak 24 orduz zabalik egoteko bideratutako lehen pausua da.

Suteak itzaltzeko eta Salbamendurako Arabako Zerbitzua arautu eta garatuko duen foru araua onartu du Diputatuen Kontseiluak. Modu honetan, Aldundiak zerbitzua kudeatzeko ardura guztia izango du eta horretarako, lurralde guztiaren ardura izango duen zerbitzuaren kudeaketa koordinatuko duen erakunde bat sortuko du, Arabako Suhiltzaileak izenekoa. Erabaki hau lurraldeko suhiltzaileen parkeak 24 orduz zabalik egoteko bideratutako lehen urratsa da.

 Bilakaera horren ardatz nagusia Iruña Okan eraiki nahi den parke zentrala izango da, 2017an abian izango dena. Azken urratsa 2019an egingo da, Aiarako PSISZa eraikitakoan eta Guardia, Espejo, Agurain eta Santikurutze Kanpezuko SISEUak indar betean dihardutenean.

 Erabaki honen aurrean pozik agertu da EH Bildu, Araba osoan “kalitatezko zerbitzua eskaini behar delako eta hau oso abiapuntu ona izan daiteke”, adierazi du EH Bilduko Iñaki Ullibarrik.

Taldearen ustez, parke zentralarekin batera beste bost eskualdeetako unitate egon beharko lirateke, gehienez Arabako edozein lekutan 20 minututan edozein gertakari erantzun ahal izateko. “Guztira, 168 suhiltzaile beharko dira zerbitzua bermatzeko. Aurtengo aurrekontuan 400.000 euroko saila dago, eman beharreko lehen pausuak finantzatzeko diru nahikoa”.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide