Elkarretaratzea egin dute Arabako Campuseko erasoak salatzeko

Erredakzioa 2016ko mai. 2a, 12:16

Irudia: Equo Araba

Bart gauean Arabako Campuseko Errektoreordetzari eraso diote. Ezezagun talde batek eraikinaren atean gurpilak jarri eta su eman diete.

Eguerdian elkarretaratzea egin dute EHUko Arabako Campuseko Errektoreordetzaren sarreran, bart gauean izandako erasoak salatzeko. Bertan, erakunde ezberdineko ordezkariak izan dira, besteak beste, Arabako Campuseko errektoreorde Javier Garaizar, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte, Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez eta Gasteizko alkate Gorka Urtaran. Horiekin batera, talde politiko guztien ordezkariak izan dira.

 Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, erasoa 03:14 aldera jazo da, Izardui Komandantearen kalean kokatzen den Errektoreordetzaren egoitzan. Ezezagun talde batek gurpilak jarri ditu eraikinaren atean, eta su eman diete. Garrek kalte txikiak egin dituzte eraikinaren fatxadan. Ertzaintzak ikerketa zabaldu duela iragarri dute.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago