Azken urteotako ohiturari jarraituz elkarrekin irten dira kalera CCOO eta UGT sindikatuetako kideak. 12:00etan zuten hitzordua Andra Mari Zuriaren plazatik abiatzeko. Berrehun lagun inguru bildu dira eta hiriko kale nagusiak zeharkatu dituzte Foru Plazan amaitzeko. Pobrezia eta prekarietatea salatzearekin batera, lana eta eskubideak aldarrikatu dituzte. LAB sindikatuak egin du mobilizazio handiena gaur. 12:30ean atera dira Gastizko Bilbo Plazatik "Euskal Herria prekarietatearen kontra. Langileok martxan eskubideak aktibatuz" zioen pankartaren atzean. Zazpirehun lagunek parte hartu dute mobilizazioan.Manifestazioaren amaieran, Azoka Plazan, LABeko Exekutibako kide Izaskun Garciak Confebask enpresarien elkarteari zuzendu zaio eta salatu du "gero eta tresna gehiago ematen ari zaizkiola patronalari langileen eskubideak bertan behera uzten saiatzeko". Beste sektore batzuekin lan egiteko eta borrokatzeko deia egin du LABeko eledunak.