Txernobyleko 50 ume hartuko ditu Arabak udan

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko apirilaren 27a

chernobilekoumeak.blogspot.com.es/

Aurten 30 urte bete dira Txernobyleko istripu nuklearra gertatu zenetik.

Udan Txernobyl (Ukrania) inguruko 50 ume inguru hartuko ditu Arabak. Horietako 36 haur hilabete bat egongo dira harrera familiekin eta gainontzeko 14ek bi hilabetez luzatuko dute egonaldia, Arabako Aldundiak baieztatu duenez. Guztira, 17.600 euro bideratuko ditu foru erakundeak jarduera hau gauzatzeko, harrerak kudeatzen dituzten elkarte arabarrekin sinatutako hitzarmenen bitartez.

30 urte istriputik

Aurten 30 urte bete dira Ukraniako zentral nuklearraren istripu larria gertatu zenetik eta atzo Gobernu Kontseiluak hondamendi nuklearraren inguruko adierazpen instituzionala onartu zuen. "Gaurko egunez, duela 30 urte, historia nuklearrean izan den istripurik larriena gertatu zen; gizakiak ezagutu duen ingurumen ezbeharrik handienetakoa, milaka lagunen bizitza betiko aldatu zuena. Gaur egun oraindik nabari dira erradiazioaren ondorioak".

Izan ere, inguruan bizi zirenei eragindako kalteak aipatu ditu foru erakundeak eta ildo horretan, 1996. urteaz geroztik bertako haurrak etenik gabe hartu dituela gogorazi du adierazpen horretan, "ahal den neurrian zentral nuklearraren eztandaren ondorioak arintzeko xedearekin".

"Urte horietan guztietan harrera proiektuari eutsi izanak ahalbidetu du, ezbeharra gertatu zenetik 30 urtera, mediku arreta ematea harreran hartutako haurrei, alderdi fisikotik eta emozionaletik lehengoratzeko behar duten ongizatea areagotzea eta kultura trukea sustatzea, Arabako familiekiko eguneroko elkarbizitzaren bidez".

Garoña behin betiko ixtea

Horrez gain, Kontseiluak  babesa eman die hondamendiaren eragin zuzena jasan duten haurrak hartzeko ekimenei, eta Garoñako zentral nuklearra behin betiko ixtea defendatzeko konpromisoari eutsi egin dio.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago