Herri Jasangarrien Europako Konferentzia Amurrion, Añanan eta Gasteizen

Erredakzioa 2016ko api. 25a, 16:28

Apirilaren 27tik 29ra Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Hiri eta Herri Jasangarrien 8. Europako Konferentzia ospatuko da. Araban hiru tailer egingo dira; Aiaran, Gasteizen eta Añanan.

Apirilaren 27tik 29ra bitartean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Hiri eta Herri Jasangarrien 8. Europako Konferentzia ospatuko da. Ehundik gora hizlari eta 700 parte-hartzaile bilduko dira, egun Europan egiten den toki-jasangarritasunari buruzko eztabaidarako eta esperientzia-trukerako hitzordu garrantzitsuenean. Besteak beste, bertan, Euskadiko Adierazpena onartuko da; Aalborgeko Konpromisoen ondotik, Europako toki-jasangarritasunaren erreferentzia izango dena, alegia. Konferentzia Bilbon inauguratuko da baina apirilaren 28an Arabara hurbilduko da. Izan ere, teknikariz, alkatez, zinegotziz eta udal-ordezkariz osatutako talde batek Amurrion, Añanan eta Gasteizko eraztun berdean egingo diren topaketetan eta lan-tailerretan hartuko dute parte, eta, ondoren, Gasteizko Artium Museoan egingo den ekitaldian izango dira.

Amurrion

 Lehen tailerra Amurrion izango da, ‘Amurrio jasangarria, udalerri txikien gaitasun eraldatzailea’izenekoa. Bertan, Iosu Irabien alkateak Europako zinegotziei eta alkateei azalduko die Amurrio eredugarria dela, udalerri ertain eta txikiek jasangarritasunari ikuspegi integral baten arabera aurre egiteko gaitasuna duelako.

Gasteizen

Bigarren tailerra Gasteizen izango da, non ‘Gasteiz, hiriburu berdea: Naturaguneak eta eraikitako guneak berroneratzea’ izeneko topaketa egingo duten. Halaber, parte hartzaileek hiria ezagutzeko aukera izango dute, besteak beste, Europa kongresu-jauregiaren fatxada berdea, Gasteiz eta Antso Jakituna hiribideetako lanak edota Santa Maria katedrala birgaitzeko proiektua.

Gesaltza Añanan

 Araban, Europako udal-ordezkarientzako hilaren 28an antolatu duen hirugarren topaketa ‘Gatz harana - Munduan parekorik ez duen kultura- eta natura-paisaia’ izenekoa da.  Gesaltza Añanako gatz haranean izango da.

 Topaketa horien ondoren, parte-hartzaileei harrera egingo die Ana Oregi sailburuak Artium museoan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide