Ekuadorreko biktimei laguntzeko deia egin du Medicus Mundik

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko api. 25a, 17:55

Diru-bilketa abian jarri du Arabako GKEk, besteak beste, Manabi eta Esmeraldas probintzia kaltetuenetara janariz eta sendagaiez osatutako oinarrizko kitak bidaltzeko.

Medicus Mundik arabarrei dei egin die, aurreko apirilaren 16an Ekuadorreko iparraldean gertatu zen lurrikararen biktimei laguntza emateko. Arabako gobernuz kanpoko erakundeak kontu korronte zenbakia (ES68-3035 0222 17 2220026844)  zabaldu du, donazioak jasotzeko. Bildutako diru guztia Ekuadorreko Fondo Ecuatoriano Populorum Progressio (FEPP) elkarteak kudeatuko du. Dagoeneko elkarte hau lanean hasi da, besteak beste, bertan lan egiten duten 500 langileek bere soldataren zati bat eman baitute lurrikararen biktimei laguntzeko.

Manabi eta Esmeraldas dira probintziarik kaltetuenak eta bertan lantalde tekniko eta baliabide ugari ditu FEPPak. Komunitate pobreenetara heltzea da helburua eta premiazko elikagaiez, sendagaiez eta higiene pertsonalerako produktuek osatutako oinarrizko kitak banatuko dituzte 10.000 pertsonen artean. Horretarako, 177.000 euro inguru bideratuko ditu elkarteak. Ondoren, emergentzia egoera pasa eta gero, FEPPek bere ahaleginak kaltetutako familien ekonomia eta gizarte suspertzeko ekimen ezberdinetara bideratuko du. Horrela, familia txiroenei banbuzko edo egurrezko etxeak eraikitzen lagunduko die, etxe bakoitzean 700 euro inguru inbertituz. Errepideak ere konponduko dituzte.

 “Ekuadorreko Gobernuak premiazko neurriak hartu ditu dagoeneko baina nazioarteko komunitatearen laguntza behar-beharrezkoa da, hondamendiaren ondorioak ahalik eta gehien gutxitzeko”, azaldu du GKEk ohar baten bidez.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide