Mendekotasuna dutenei eskainitako arreta hobetu dute Aldundiak eta Udalak

Erredakzioa 2016ko api. 25a, 13:03

Bi erakundeek protokoloa sinatu dute, eta besteak beste, etxebizitza berean modu paraleloan parte hartuko ez dutela jasotzen duena.

Gasteizko udaleko eta Arabako Foru Aldundiko gizarte zerbitzuak ados jarri dira mendekotasuna eta Etxean Laguntzeko Zerbitzurako (ELZ) eskubidea dutenei eskainitako arreta hobetzeko. Horretarako, arreta integrala eta kasuak bideratzeko prozedura martxan jarri dute. Beatriz Artolazabal Gizarte Zerbitzuen foru diputatuak eta Nerea Melgosa Gizarte Politiken zinegotziak prozedura honetako giltzarriak azaldu dituzte prentsaurrekoan.

Etxean Laguntzeko Zerbitzua udalaren eskumenekoa da. Araban, zerbitzu hori Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak ematen die mendekotasuna dutenei, eta Gasteizko udalak, berriz, autonomia dutenei. Orain, sinatu duten hitzarmenari esker, ez erakunde batak ez besteak ez dute esku hartuko batera etxebizitza berean.

"Akordio hau oso garrantzi handikoa da, une oro familien beharrei arreta integrala ematen saiatuko baita. Ez dugu arreta zatikatuko, Udaletik familiako pertsona bati arreta ematen eta Foru Aldunditik beste bati, nahiz eta mendekotasun gradu ezberdinak izan eta nahiz eta erakunde bakoitzak eskumena izan haietako bati arreta emateko. Une oro landu da prozedura hori, pertsonen eta familien ikuspegitik, haiei jarraitutasuna, arreta globala eskaini ahal izateko, arretan geldiunerik egin gabe eta bi erakunderen erreferentziekin mareatu gabe", azpimarratu du Nerea Melgosa zinegotziak.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide