Mihiseak kalera, bertako artisten aukera urriak salatzeko

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko api. 22a, 09:44
Irudiak: mihiseakalera.wordpress.com

Lander Perez artista gasteiztarra esku-hartze artistikoa garatzen ari da egunotan Artium eta Montehermoso aurrean, artistek euren lanak erakusteko espazio gutxi dituztela agerian uzteko.

Lander Perez Picazo artista gasteiztarrak Mihiseak kalera! esku-hartze garatzen ari da egunotan, hirian bertako artistek erakusketak antolatzeko espaziorik ez dutela salatzeko. Apirilaren 4an abian jarri zuen proiektu artistiko hau Gazteria Udal Zerbitzuaren Haziak lehiaketan aukeratua izan zen, eta maiatzaren 4ra bitartean gauzatuko du. Montehermoso Kulturunea eta Artium museoaren aurrean 120 x 120 zentimetroko mihise bana kokatu ditu eta bertan edozein pertsonak margotzeko aukera izango du.

“Esparru instituzionaletan artista berrientzako guneak oso urriak dira, horrela, gizarte etxeetan edo tabernatan bere artelanak erakustera behartuak izaten dira, Gasteizen, Artium, Montehermoso edo aspaldi geldirik dagoen Krea bezalako areto dotoreetan hauentzako lekurik ez dagoelako. Izan ere, gure hirian maila handiko artista asko dago, eta horregatik, erakustoki barruan adierazi ezin duten hori, kalean plazaratzeko esparru eta euskarria luzatzen diegu proiektu honen bidez”, azaldu du artista gazteak.

 Gainera, espazio honetan margotu eta parte hartu duten guztiek bertan egindako ekarpenaren argazkia artistari bidaltzeko aukera dute, mihiseakalera@gmail.com helbidera elektronikoaren bitartez, galeria birtuala osatzeko. Era berean,  mihise horien eraldaketa dokumentatzeko eguneroko jarraipena egingo du Lander Perezek, mihiseakalera.wordpress.com webgunean.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide