'Gazte Hitzak' sariak banatu zituzten atzo

Erredakzioa 2016ko api. 21a, 16:07

 Zoe Cervera, Leyre Hernandez, Oier Quincoces eta Itziar Uriarte izan ziren irabazleak eta beren narrazio bat landu edo hobetzeko tutoretza pertsonalizatua jasoko dute, Bernardo Atxaga eta Juan Ibarrondoren eskutik.

Gazte Hitzak 2015 kontakizun lehiaketaren sariak banatu zituzten atzo Montehermoso kulturunean eta Zoe Cervera, Leyre Hernandez, Oier Quincoces eta Itziar Uriarte izan ziren garaile. Ania Tatok, Peru Amorrortuk, Miren Ricok eta Manex Zubiriak Ohorezko Aipamenak jaso zituzten.

Ipuin eta kontakizun laburren lehiaketa hau 2015eko azaroan jarri zen martxan eta  helburua da gazteen ikuspegia agerian jartzea, herritar aktiboak eta indar berritzaile handikoak direlako. Bide batez, gazteen sorkuntzari sostengua ematea ere bilatzen du.

Lehen edizio honetan, guztira 130 gazte aurkeztu dira, 12 ikastetxetakoak eta 8 unibertsitate karrera ezberdinetakoak. Parte hartzaileen % 76 emakumeak izan dira. Parte hartzaileen artean 24 semifinalista aukeratu dira, eta atzo Bernardo Atxagak eta Juan Ibarrondok osatutako epaimahaiak jakinarazi zituen irabazleak.

Sariak heziketarekin lotuta egongo dira: 300 eta 100 euroren txartelak, liburuak eskuratzeko, eta hiri hilabetez narrazio bat landu edo hobetzeko tutoretza pertsonalizatua, Bernardo Atxagaren (euskaraz) eta Juan Ibarrondoren (gaztelaniaz) eskutik. Horrez gain, Gazteria Sailak kontakizun  irabazleak argitaratu ditu.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide