Lanbide Heziketako ikasleak lantokiko prestakuntza eta heziketa dualaren enpresako egonaldia euskaraz egin ahal izateko gida bat da Lanpres. Lanekik sortu du, Lanbide Heziketarako euskarazko ikasmateriala sortzeko elkarteak. Kepa Altube (Arrasate, Gipuzkoa, 1968) da elkartearen kudeatzailea: «Praktiketako ikaslea enpresara sartzerakoan euskaraz ez badiote hitz egiten, aurrerantzean beti egingo du erdaraz, nahiz eta euskalduna izan. Hori da gidarekin aldatu nahi dena».
Gida honek zelan erraztuko dio ikasle euskaldunari praktikak euskaraz egin ahal izatea?
Guk baliabide batzuk eskaintzen ditugu. Adibidez, ikastetxeak enpresaren datuak eskuratzen dituenean, milaka informazio iristen zaio, baina, orain arte, oso gutxik jasotzen zituzten euskararen ingurukoak. Hau da, ikaslea enpresara praktikak egitera doanean jakin behar du zein den instruktorea, zein arlotakoa den, zenbat ikasle behar dituen... Baina garrantzitsua da instruktore hori euskalduna den edo ez, dena aldatzen baitu. Orain arte oso ikastetxe gutxik jakiten zuten. Gure helburua da hori sistematizatzea. Galdera sinple horrekin bakarrik mundu bat zabaltzen da. Instruktorea euskalduna denean, guk hobekuntza batzuk proposatzen ditugu; hau da, formazioa euskalduna izaten jarraitzeko bitartekoak jartzen dizkiegu eskura ikasleari eta ikastetxeari.
Zergatik da hain erdalduna Lanbide Heziketaren mundua?
Enpresa mundua euskalduntzen ari da. Enpresek hizkuntza planak dituzte. Lanbide Heziketako ikastetxeen %31k euskarazko planak dituzte. 1980ko hamarkadan hasi ziren Lanbide Heziketan lehen ikasgaiak euskaraz ematen. 36 urte luze dira. Lanekik 780 material sortu ditu, 2001ean hasi ginenetik. Honekin lortzen duguna da ziklo guztietara material bat sartzea, zehar-lerro modura.
Ikasketen %80 inguru eskaintzen da euskaraz, baina gero ikasleek erdaraz ikastea aukeratzen dute. Asko derrigorrezko hezkuntza D ereduan egindakoak dira, gainera. Zergatik gertatzen da hori?
Gure helburua ere bada ikasleek euskaraz ikastea aukeratzea. Oraindik ikasleek, D eredukoak izanda ere, Lanbide Heziketa eta enpresa mundua erdararekin lotzen dute. Aldatzen ari da, eta aldaketak gertatzen ari dira ikastetxeek badituztelako horretarako plan eta eskaintzak, baina beti lotu izan da erdararekin. Orain kontzientziatzen hasi dira ikastetxeak, enpresak eta ikasleak eurak. Gutxika kopurua gorantz doa, baina ezin da bat-batean lortu. Aldatuko dugun esperantzaz sortu dugu gida hori.
Praktiketara joango diren ikasleek enpresara euskara eroateak enpresa euskalduntzen lagunduko duela uste duzue? Enpresetako langile euskaldunak lantokian euskara erabiltzera bultzatzeko balio dezake?
Hitz egiten denean bi pertsona egoten dira: batek berba egiten du eta besteak entzun. Entzuleak ez badaki, ez da ezer gertatuko; baina, euskalduna bada, euskara entzuterakoan euskaraz egingo du berak ere berba, eta hortik aurrerako harremana euskaraz izango dute. Gero, teknikoki enpresak zein baliabide eskaintzen dituen euskaraz, katalogoak zein hizkuntzatan dituen, beste kontu bat da. Hobetuz joango gara, baina hartu-emanak euskaraz egiten hastea bada lehen pausoa. Lehen pausoa hitza da, eta lortzen badugu hori euskaraz izatea, lortuko dugu beste dena ere euskaldunduz joatea.
Terminologia sortzen edo euskaratzen lan itzela egin duzue.
Egin dugun azken lana Arotzeria Hiztegia izan da. 4.000 hitz euskaratu dira. Arotz batek idatzita zeukan zerrenda hartu, eta digitalizatu egin dugu. Guri Arotzia zikloetarako balio digu.
Iturria: Berria.eus
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.