Arabako Landa eremuko emakumeen sareak Berdintasunerako Emakunde saria jasoko du

Erredakzioa 2016ko api. 21a, 13:43

Hitzez Baserriko Emakumeen Elkarteak ere jasoko du saria. Epaimahaiak landa eremuan emakumeen eskubideen eta berdintasunaren aldeko lanak aurkitzen dituen zailtasun eta oztopo bereziak kontuan izanda emango die saria.

Emakunde Sariko epaimahaiak Arabako Landa Eremuko Emakumeen Sarea eta Hitzez Baserriko Emakumeen Elkartea saritu ditu aurten. Epaimahaiak landa eremuan emakumeen eskubideen eta berdintasunaren aldeko lanak aurkitzen dituen zailtasun eta oztopo bereziak kontuan izanda eman die saria. Epaimahaiaren iritziz, bi entitateek garrantzia eman diote elkartze lanari eta honek lagundu die berdintasun ezaren kontzientzia hartzeko prozesua abiatzen, banako eta talde modura indartzen eta baita euren eragin soziala handitzen.

Sari honen bitartez, Epaimahaiak landa eremuan lan egiten duten emakume guztiei egin nahi die aitortza, kontuan izanik egiten duten ekarpena landa eremuen mantentze lanean, bertan bizi diren pertsona guztien bizi kalitatean eta beraien eredu jasangarriago baten alde. Honekin batera, sariaren bitartez ikusarazi nahi da emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko lana bizitzako arlo guztietan ematen dela. Sariaren diru-kopuru gordina 14.400 euro da. Kasu honetan, entitate bakoitzak 7.200 euro jasoko ditu.

Sari-banaketa

Datorren asteartean, hilak 26,  izango da sari banaketa,  Donostiako Kursaalean, Emakumeen Ahalduntzea, Berdintasunerako Gakoak jardunaldiaren baitan. Egun horretan, bi hitzaldi antolatu dituzte goizean. Marcela Lagarde antropologoa eta Sara Ibarrola soziologoa izango dira hizlariak. Mahai ingurua ere egingo dute, emakumeen ahalduntzeari buruzko esperientziak eta testigantzak partekatzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide