Azken urteetako ibilbide traketsak eta taldearen zuzendaritzatik urtero entzun behar izaten dugun egoera ekonomiko kaskarrak, beste behin kirol arloan urte apala bizi behar genuenaren susmoa sortzen zuen zalegoaren artean. Talde "arrunta" izatera ohitzen hasiak ziren arabar saskibaloi zaleak eta horrek eragina zuen harmailetan ere, iazko denboraldian Fernando Buesa Arenako eserleku asko hutsik ikustea asteroko argazkia bilakatzen hasia zen.
Baina hara, zalantzaz beteriko talde honek astez-aste pausu txikiak ematen joateko erritmoa bere egin du. Bidean indar ekonomiko handiko arerioak menpean hartzeko trebezia erakutsi du taldeak: Olympiacos hasierako fasean; CSKA, Bartzelona edota Real Madrid Top16an... Garaipen horietariko bakoitza urteko helburua lortuko balitz bezala ospatu zuten zaletuek, jakina, Euroleague-eko faboritoei partiduak irabazteak aspaldi ikusi gabeko garaipen gosea gogorazten baitzuen. Arabarrok ere ilusioz erantzun diote kantxan ikusitako handinahi horri eta pasa den asteko bigarren partidan, Zurbaoko pabilioiaren ikusle kopuruan errekorra ezarri zen, 14.000 lagun inguru.
Bosgarrenez, Lauko Finalean
Atzokoan, ametsa egi bihurtzeko azken pausutxo eman beharra zuen talde gazteak eta garaipen epiko bati dagokion bezala eszenatoki ezin aproposagoa, Greziako OAKA infernua. Panathinaikos-en istorioan 6 Euroleague titulu eta 33 liga, besteak beste, irabaztera bultzatu dituzten 20.000 ikusle amorratu.
Eta horri aurre eginez, lesio eta baja ezberdinek (Hanga, Causeur eta Shengeila) "ahuldutako" Baskonia, bere ibilbidean bosgarrenez Final Four batean sartzeko aukera bila. Baskonia zaleek duela 10 urte toki berean lortutako garaipena gogoan zuten eta istorioa errepika zitekeela espero zuten. Kantxan ordea, jokalari gehienak garai hartan saskibaloi profesionalean hasigabeak ziren oraindik. Jokalarien gidaritzan Perasovic entrenatzailea eta honek bai, badauka eskarmentua, azeri zaharra da kroaziarra eta ondo ezagutzen ditu saskibaloiaren fundamentuak.
Partiduan "patxadaz" hasi ziren Baskoniakoak, greziarren hasierako eraso eta oldarkeriak gehiegi sufritu gabe eta markagailuan gertutik jarraituz Greziako taldea. Partiduaren erritmoa nork ezarriko zuen, hor egon zitekeen azken emaitzaren giltza eta joku estrategiko horretan Baskoniak ez zuen urduritasun gehiegirik adierazi. Minutuak aurrera joan ahala Perasovic-en mutilek beren joku estiloa inposatzen joateko aukera izan zuten. Jokalari guztiek beren ekarpena egin zuten eta normalean jokuan eragin gutxiago izan ohi duten jokalariek ere beharrezko zuten aurrerapausua eman zuten, Planinic edo Corbacho esaterako.
Horrela iritsi zen azken laurdena, greziarrentzat hil ala bizikoa, porrotak lehiatik kanpo uzten zituena eta Baskonia berriz, amestutako Berlinera bidean. Esan ohi da horrelako momentu beroetan hartzen dutela beregain erantzukizuna izen handiek. Panathinaikos-en aldetik, Diamantidis ahalguztidunak bigarren partidan egin zuen bezala taldea bere bizkarrean hartu nahi izan zuen. 13 denboraldi elitean, 3 Euroliga titulu irabazia, Euroleague-n asistentzia kopurua altuena eman duen jokalaria eta kontinente zaharrean azken urteotan egon den jokalari onenetarikoa zalantzarik gabe. Parez pare, makina bat aldiz kritikatu eta zalantzan jarriak izan diren bi joku antolatzaile gazte, Darius Adams eta Mike James. Aurten zortea lagun dute bi estatu batuarrek eta playground estiloko joku zoro eta bizian, beraiek dira oraingoz errege. Ondo antolatutako defentsan oinarrituz eta saskia urrunetik zigortzeko talde honek erakutsi duen dohaia lagun, zazpi hiruko azken laurdenean, horren aurrean erantzun gutxi emateko aukera. Partida amaitzeko minutu pare bat falta zirela, greziarrek onartu zuten kanporaketa honetan nor izan den garaile, zaletuek aurten kantxak utzi behar dituen Diamantidis agurtzeko hartu zuten denbora. Partida erabakita zegoen eta arabar asko maiatzaren 14 eta 15ean Berlinera joateko bidaiak bilatzen hasita.