Mercavitoria azokako instalazioen egoerak zeresana eman du gaur Gasteizko udaletxean. Udal gobernuak Otoen hiribidean kokatzen den handizkako azokaren emakida 10 urterako berritu nahi du. Izan ere, zerbitzu hori kudeatzeko kontratua 1996an onetsi zen, 20 urterako, eta irailean bukatuko da. Hori dela eta, Urtaranen gobernua sinatzaileen eskubide eta betebeharrak aztertzen ari da, beste 10 urterako berritzeko asmoz.
Besteak beste, instalazioek dituzten gabeziak konpontzeko behar diren inbertsioak aztertu beharko lirateke esleipena lortzen duenarekin. Izan ere, udal txosten baten arabera, hotz-ganbera, bulegoak, komunak, gune orokorrak eta beste elementu batzuk berritu beharko lirateke, gutxienez, 382.340 euro inbertituz.
Premiazko erreforma
Zentzu horretan, PSE-EE udal taldeak azokan dauden merkatariei laguntza emateko eskatu dio Udalari, instalazioak berritzeko “premiazko” lanei aurre egin diezaieten eta bertaratzen diren bezeroei zerbitzu hobeagoa eskaintzeko aukera izan dezaten. “Udala gehiago inplikatu behar da eta berea den azokarekiko interes gehiago izan beharko luke”, azaldu du PSE-EEko zinegotzi Isabel Martinezek. “Azokan gero eta postu gutxiago dago eta bezero askok Bilbo eta Iruña bezalako azoketan erosten dituzte produktuak. Hori dela eta, laguntza eman behar diegu, lehiakorragoak izateko eta hortaz, erosketak Gasteizen gera daitezen”.