Suteen itzaltze legea erretiratzeko eskatu dute suhiltzaileek Gasteizen

Erredakzioa 2016ko apirilaren 15a

"Eusko Jaurlaritzak onartutako lege proiektu honek zerbitzua indartu beharrean ahuldu egiten du, pribatizazioari aterik ez baitio ixten”, salatu dute.

Gaur goizean EAEko suhiltzaileak Gasteizko kaleetan zehar manifestazioa egin dute, Eusko Jaurlaritzak suteen prebentzio eta itzaltze eta salbamendurako lege proiektua erretira dezan eskatzeko. Goizeko 10:00etan Aguraingo suhiltzaile parketik abiatu dute bizikleta martxa eta Gasteizko parkera joan dira. Hortik manifestazioan joan dira Eusko Legebiltzarreraino, besteak beste, Gasteizko udaletxetik eta Arabako Foru Aldunditik pasatuz. Modu honetan, ELA, LAB, CC.OO. eta Bazkuna sindikatuek deituta aste osoan zehar suhiltzaileak egiten ari diren bizikleta martxari eta mobilizazioei amaiera eman diete.

ELA sindikatuak ohar baten bidez adierazi duenez, “lege honen tramitazio prozesuan ez da langileekin eta sindikatuekin kontatu” eta gaineratu du ez dela lege egokia egunero suhiltzaileek suhiltzaile parkeetan dauzkaten arazoei aurre egiteko. “Zerbitzua indartu beharrean ahuldu egiten du, pribatizazioari aterik ez baitio ixten”, salatu du sindikatuak.

Azkenik, mobilizazioekin jarraituko dutela adierazi du ELAk, “Eusko Jaurlaritzak lege hau erretiratu arte edo Eusko Legebiltzarrak lege proiektu hau arbuiatu eta Eusko Jaurlaritzari exijitu arte benetan langileon parte hartzea izango lukeen lege baten prozesuarekin hasteko”.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago