Arabako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuen Sailak eta Gasteizko Udalak sinatu duten hitzarmenari esker, mendetasun egoeran dauden pertsonen 30 laguntzailek prestakuntza jasoko dute. Horrela, prestakuntza emateko Lanbidek ematen duen ziurtagiria lortuko dute laguntzaile hauek.
Ziurtagiri horrek garrantzi handia dauka; izan ere, beraren bidez Aldunditik Laguntzaile Pertsonalaren Diru-laguntza (PEAP) jasotzen duten eta mendetasun egoeran dauden pertsonen laguntzaile izan daitezke. Izan ere, neurriaren helburua arloa dinamizatzea eta profesionalizatzea da, bai eta lan aukera eta lanpostu berriak sortzea ere lurraldean, mendekotasuna duten pertsonen familiei laguntza egokia eman ahal izateko.
Araban 122 onuradun
Araban laguntzaile pertsonalaren diru-laguntza jasotzen dutenen kopuruak nabarmen gora egin du. 2014an, mendekotasuna duten 26 pertsonek jaso zuten laguntza hori; 2015ean, berriz, 140k. Martxoaren 23an, laguntzaile pertsonalak kontratatuta zuten PEAPeko 122 onuradun zeuden erregistratuta.
Guztira, 70.000 euro bideratuko zaizkio prestakuntza proiektuari, Aldundiak eta Udalak erdibana orainduta. Proiektu horren barruan sartzen dira 18 urtetik gorako langabetuak, lan esperientzia eduki ala ez, Eskola Graduatua badute, eskatzen den titulaziorik gabe. Halaber, gaur egun lan horretan jardun bai, baina eskatzen den titulazioa ez duten pertsonei ere emango zaie, eta 5 urte izango dute prestakuntza hura betetzeko.
Prestakuntza bereziko hiru modulu emango dira: etxez etxeko higienea eta osasun laguntza, etxez etxeko arreta eta laguntza proiektu psikosoziala eta etxez etxeko laguntza eta familia-elikatzea.