Euskal Herriko Itzulia Araban sartuko da gaur

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko api. 5a, 12:20
Zikliamatore (info@zikliamatore.com)

 Lasterketaren bigarren eta hirugarren etapek lurraldea zeharkatuko dute. Gaur Aramaiotik sartu eta bihar Gasteiztik abiatuko da etapa.

Euskal Herriko Itzuliaren 56.edizioa martxan da. Atzo Etxebarria-Markina-Xemein ibilbidea osatu zuen eta Luis Leon Sanchez Astanako txirrindularia izan zen garaile.

Gaur eguerdi partean abiatuko den bigarren etapa Araban amaituko da. Aramaiotik sartuko da, Kruzetako gainatik eta besteak beste, Legutio, Murgia eta Amezaga herriak zeharkatuko ditu. Azkenik, Garrastatxuko ermitan (Baranbio) amaituko da. Azken igoera hau 2,7 kilometrokoa da eta bataz besteko malda %11,67-koa. Guztira, 174,3 kilometro egin dituzte txirrindulariek Markina-Xemeinen hasi eta Amurrion amaituko den etapa honetan.

Hirugarren etapa, Gasteiztik

 Bihar Gasteiztik abiatuko da guztira 193,5 kilometro izango dituen hirugarren etapa. Elorriagako biribilgunetik atera eta Nafarroara joango da Itzulia. Jardunaldi honek bost muino ditu eta guztiak etaparen bigarren erditik aurrera. Azken mendatea Errukiñeko gaina dugu (3. mailakoa) helmugatik 9 kilometro ingurura. Euskal Herriko Itzuliaren edizio hau Eibarren amaituko da larunbatean.

Mikel Landa txirrindularia da aurtengo Euskal Herriko Itzulian Arabak duen ordezkari bakarra.

 

Jarraitu zuzenean Euskal Herriko 56. Itzulia

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide