Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira bertan parte hartzeko. Lehenengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango da. Liburua irakurri, liburutegira itzuli, eta fitxa erraz bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi duen. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango dio, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko. Azken pausua, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari.
Hamabi udalerri
Apirilaren 1ean abiatuko da egitasmoa eta maiatzaren 31n amaituko da. Hortaz, bi hilabeteko iraupena izango du kanpainak liburutegietan, baina erosketa-txekeak liburu dendan erabiltzeko epea ekainaren 11 artekoa izango da. Agurain, Aramaio, Asparrena, Barrundia, Dulantzi, Kanpezu, Legutio, Maeztu, Urizaharra, Urkabustaiz, Zigoitia eta Zuian izango da aukera aurten, ostiraletik aurrera.
Egitasmoaren bueltan bestelako literatur jarduerak ere antolatuko dira, hala nola solasaldiak idazleekin, liburu azokak, irakurketa musikatuak eta abar.