Bruselako atentatuak gaitzesteko protestak

Erredakzioa 2016ko mar. 23a, 15:23

Gasteizko elkarte musulmanen plataformak ere salatu du Belgikan gertatutakoa eta "Nire izenean ez" kartelak erakutsi dituzte protestan.

Gaur goizean Bruselako atentatuak salatzeko hainbat protesta egin dira Gasteizen. Udaletxe aurrean esaterako, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eta udal talde guztietako zein hiriko beste sektore eta talde batzuetako ordezkariek protesta ekitaldian hartu dute parte eta atzo Bruselan izandako hilketengatik erabateko gaitzespena adierazi dute. Hiriko komunitate musulmaneko hamarnaka kidek ere hartu dute parte protesta ekitaldian, terroristei haien izenean ez jarduteko eskatzen zuten kartelak erakutsiz.

Gasteizko elkarte musulmanen plataformak atzo Belgikan gertatutakoa “biziki” gaitzesten duela adierazi du ohar baten bitartez. “Bizitzaren eta askatasunaren aurkako ekintza dela uste dugu”, azaldu dute. “Ez gara hiltzaile hauekin identifikatzen, Islama bakea eta ontasuna da eta halako ekintza terrorista ez dator bat ez bakea nahi duten musulmanekin ezta Islamarekin ere. Gure izenean ez”.

Horrez gain, Arabako Kanpusean eta Arabako Foru Aldundian ere Bruselan atzo gertatutako atentatuetan hildako eta zauritutakoen senideekiko solidaritatea eta atentatuon gaitzespena salatzeko elkarretaratzeak egin dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago