Industria lurzorua kudeatzen duen Sprilur Eusko Jaurlaritzaren sozietateak, Arabako Foru Aldundiaren mendeko Araba Garapen Agentzia sozietate publikoak eta Gasteizko Industria Lurra (GILSA) Gasteizko Udalaren mendeko sozietate publikoak hitzarmen bat sinatu dute gaur, Araban industria lurzoruaren eskaintza lehiakorra sortzeko orduan koordinazioa hobetzeko.
Hiru erakunde hauen kudeatzeko sistemen eta bezeroari erantzuteko prozesuen koordinazioa dago hitzarmenaren oinarrian, modu horretan, eskaintza osoari buruzko informazio zehatza eskura izatea ahalbidetuko dute.
Halaber, Sprilurrek, AGAk eta Gilsak elkarrekin Arabako industria sarea eta haren beharrak hobeto ezagutzeko konpromisoa hartu dute, baita horri begira, egokiak diren azterlan, analisi eta enpresa erroldak egiteko eta Araban dagoen industria azpiegituraren eskaintza eta eskaera elkarrekin analizatzeko, arreta berezia jarriz beharrizan berriak identifikatzeko, eta erabili gabe geratzen ari diren espazioak eta hiri barruan dauden industria eraikinak beren oneratzeko. Asmo horrekin, industria azpiegiturak dauzkaten beste erakunde pribatu eta publiko batzuei ere elkarlana eskainiko zaie, eta katalogo hori erantsiko interesa izan lezaketen bezeroei eskainitako informazioan.
Hiru agente horiek zeregin horretarako eratutako taldeak zehaztu du dagoeneko zeintzuk izango diren elkarlanari ekiteko proiektuak; hasteko, hilero-hilero trukatu eta eguneratuko dira erakunde bakoitzak bere katalogoan erabilgarri dituen lurzati eta pabilioiei buruzko oinarrizko informazioa daukaten datu baseak: lokalizazio eta identifikazio datuak, ezaugarri teknikoak, hirigintza parametroak, prezioak, zortasunak, mantenu kostuak eta abar. Horri esker, erakunde bakoitzaren web orriak lotu egingo dira, haien arteko nabigazioa errazteko eta informazio koordinatua eta homogeneoa eskaintzeko.
Epe motzean gauzatzeko neurrien artean izango da, orobat, elkarrekin merkatu azterketa bat egitea, non besteak beste honako gaiak landuko diren; lurzoruaren eskaria, merkatuko segmentu batzuen eta besteen eboluzioa, eskatzen diren zerbitzu osagarriak eta egungo eskaintza egokitzeko beharrizanak.