Zarata gutxitzeko pantailak jarriko dituzte Arabako zenbait errepidetan

Erredakzioa 2016ko mar. 18a, 10:29

1,7 milioi euro inbertituko ditu Aldundiak zirkulazioak eragiten duen zarata gutxitzeko.

Ibilgailuen zirkulazioak Arabako Errepideen Foru Saretik hurbil diren hiri inguruetan eragiten duen zarata gutxitzeko asmoz, pantaila akustikoak ezarriko dituzte lurraldeko zenbait errepidetan eta horretarako, 1,7 milioi euro inbertituko ditu foru erakundeak. 

Zarataren kontra ekiteko 2016-2020 plana jendaurrean jarriko da, eragiten dien udalerriek azter dezaten, behin betiko onartu baino lehen.

 Gaur goizean, Josu Lopez Ubierna Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatuak Zarataren kontrako maparen ondorioz egindako planaren lerro nagusiak azaldu ditu Batzar Nagusietan. Egunean 6.000 ibilgailu baino gehiagoko errepideen ondoan dauden Arabako 34 gunetako zarata ebaluatzen dute mapa horiek, eta EBk ezarritako kalitate akustikoaren maila gainditzen dituztenak hautematen ditu.

 Muga hori 55 dezibelio da gauez, eta 60 dezibelio egunez, besteak beste, ospitale, haurtzaindegi, ikastetxe eta nagusien egoitzetan bezalako eraikinetan.

Araban hiru dira bereziki kontuan hartuko diren guneak: N-622 errepidea Arangizetik igarotzen den lekua, N-622 errepidea Sarritik, Ametzagatik eta Murgiatik igarotzen den lekua eta N-102 errepidea Ariñezetik igarotzen den lekua. Era berean, kasu bakoitzean zer zuzenketa neurri ezarri behar den zehazten du, kontuan hartuz aurreikuspenen arabera nola haziko den zirkulazioa hamar urteko epean, hartara inbertsioa eraginkorra izan dadin epe luzean.

 

  Guztira 128 pertsona dira hiru hiri inguru horietan zirkulazioaren zarata jasaten dutenak kalitate akustikoaren mugetatik gora, eta proposatzen diren zuzenketa neurriei esker biztanle horien arteko % 83 muga horietatik behera biziko lirateke, egindako azterlanen arabera. Muga horietatik behera biziko lirateke, orobat, bi eraikin erasanberetako langile eta erabiltzaileak, hala nola Sarriko haurtzaindegikoak eta Ariñezko adinduen egoitzakoak.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide