EAJ eta Podemos alderdien arteko berdinketa Araban

Erredakzioa 2016ko mar. 18a, 10:04

Euskobarometroaren arabera, PP hirugarren postuan eta EH Bildu laugarrenean geratuko lirateke Araban, Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeetan. EAEn EAJk irabaziko lituzke hauteskundeak.

EHUko Euskobarometroak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira egin dituen estimazioen arabera, EAJ eta Podemos alderdien arteko berdinketa emango litzateke Araban. PP hirugarren postuan eta EH Bildu laugarrenean geratuko lirateke. C’s alderdiak eserleku bat eskuratuko luke gure lurraldean.

EAJ garaile EAEn

EAJ izango litzateke garaile une horretan Eusko Legebiltzarrerako eginiko hauteskunde hipotetiko batzuetan. Botoen% 29,3 lortuta eta jaitsiera txiki batekin, 22-23 eserleku eskuratuko lituzke, eta lehen indarra izango litzateke hiru lurraldeetan.

Podemosek hobetu eta sendotu egiten ditu bere aukerak. Botoen % 25,2 eta 19-21 eserleku lortuta, bigarren indarra izango litzateke lurralde guztietan, lehia estuan EAJrekin Araban.

EHBildu koalizioak atzera egingo luke hirugarren lekura EAEan. Araban, esaterako, laugarren indarra izango litzateke. Botoen % 16,3 eskuratuta, 13 eserleku lortzeko moduan egongo litzateke.

PSE-EEk atzera egingo luke laugarren posiziora, botoen % 12,2 eta 8-9 eserleku lortuta. Alderdi sozialista bosgarren indarra izango litzateke Araban.

PPk beherantz jarraituko luke, lurralde guztietan. Botoen % 9,4 eta 8-9 eserleku lortuta, bosgarren indarra izango litzateke Eusko Legebiltzarrean. Araban hirugarren indarra izan liteke PP.

 C’s legebiltzarrean sartuko litzateke. Araban eserleku bat ziurtatuko luke. Botoen % 3,6 eskuratuta, legebiltzarreko seigarren eta azken indarra izango litzateke.

IU/Ezker Anitza eta UPyD Eusko Legebiltzarretik kanpo geldituko lirateke, botoen % 3 inguru lortuta.

 

EHUk urtarrilean egin zituen 600 elkarrizketetan oinarrituta daude gaur argitaratuko Euskobarometroaren emaitzak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide