"Hurbildu zaitez: sekretu bat xuxurlatu nahi dizut belarrira". Mezu horrekin ireki zuten pasa den asteburuan Gasteizko Arte eta Lanbide eskolako Konfidentziak erakusketa berria. Ikuslearekin intimitate giroa sortzea helburu, 50 ikaslek erakutsi dituzte argazki edo bideo formako euren "sekretuak"; guztira, 48 argazki eta lau bideo daude ikusgai.
Kutxetan gordeta
Sormen lan horiek egurrezko kutxatxoetan sartu dituzte, eskolara gerturatzen direnei "konfidentziak oparitzeko" asmoz. Zehazki, argazkilaritza ikastaroetako bigarren eta hirugarren mailako ikasleek hartu dute parte, baita bideogintzako bigarren mailakoek ere, Juan Arrosagaray, Piko Zulueta eta Koldo Mendaza irakasle eta sortzaileek gidatuta. Mendazak alea fm irratsaioan azaldu duenez, "helburua ikusleak sorpresa bat aurkitzea da". "Egilearen sekretua deskubritu eta bere intimitatean sartzeko, egurrezko kutxa zabaldu behar duzu", dio. Argazkiak bakarrik ez: bideo erreproduktoreak eta monitoreak ere kutxa handi batzuetan sartu dituzte. Emaitzarekin pozik daude antolatzaileak, Mendazak nabarmendu duenez: "Proposamen bitxiak eta interesgarriak daude ikusgai".
Apirilaren 27a arte egongo da ikusgai Peñaflorida Kondea plazako eraikinean.