Tindouferako karabana solidarioa abiatu da Gasteiztik

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko mar. 15a, 16:04

Bost trailer eta industria-furgoneta bat abiatu dira Gasteiztik Tindoufeko saharar errefuxiatuen kanpamenduetara laguntza humanitarioa eramateko.

Gaur goizean  Gasteiztik abiatu da Aljeriako Tindoufeko saharar errefuxiatuen kanpamenduetara laguntza humanitarioa daraman karabana.  Aurrekoetan bezala, Arabako Bakelekua elkarteko eta Euskal Trenbideetako Langileak Mugari Gabe elkarteko zenbait boluntariok izango dute kargamentua Alacanteko portura eramateko ardura; hain zuzen ere, Arabako Bakelekua elkarteko pilotu batek, Bilboko Metroko gidari batek, Euskotreneko hiru langilek eta Euskotreneko autobus-gidari batek.

Gasteizko SEAD Lagunen Elkarteak bost ibilgailu astun prestatu ditu eta Bilboko Metroak zama handiko industria-furgoneta bat. Gaur egun osoa emango dute gidatzen, Alacanteko porturaino dituzten 800 bat kilometro egiteko. Martxoaren 29an, portutik ontziratuko dute kargamentua.

Ibilgailuek daramaten laguntza garrantzia handikoa da errefuxiatuen kanpamentuetan duten egoera latza arintzeko, lurraldeak jasan dituen azken uholdeen eraginez. Besteak beste, elikagai eta arropa kopuru handia eramango dute Dajlara; izan ere, ondorio larrienak pairatu dituen kanpamentua da. Sahela bizkaitar elkarteak eman ditu aipatutako arropa eta elikagai guztiak. 

Horrekin batera,  komunikazio-dorre analogiko handi bat, osasun-tresneria ugari eta zenbait medikuntza-makina ere eramango dituzte. Halaber, Hasuaniko (Ausserd kanpamentua) Ibilgailu Astunen Tailerra berreraikitzeko egiturak eta materialak ere eramango dituzte, eta instalazioak handituko dituzte elektrizitate eta mekanikari buruzko trebakuntza multimediako bi gela oso jarriz. Horrez gain, material ugari eramango dute, kanpamentuen arteko logistika bermatzeko erabiltzen dituzten ibilgailu astunen mantentze-lan garrantzitsuak datozen hilabeteetan egin ahal izateko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide