Garoñaren behin betiko itxiera eskatuko dute larunbatean

Erredakzioa 2016ko mar. 18a, 09:54
Garoñako zentral nuklearra. Irudia: Estitxu Ugarte

Arabako Batzar Nagusiek deitu duten ekitaldia 12:00etan hasiko da Probintzia plazan. Gaur goizean, Arabako Foru Aldundiak Garoña berriro irekitzeko espedientean agertzea onartu du.

Datorren larunbatean, hilak 19, Garoñako zentral nuklearra behin betiko ixteko eskatuko dute Gasteizen. Ekitaldia 12:00etatik aurrera ospatuko da Probintzia plazan eta bertan izango dira Araba osoko erakundeak (Udalak, Kontzejuak, Kuadrillak), sindikatuak, esparru ezberdineko elkarteak, alderdi politikoak eta herritarrak. Arabako Batzar Nagusiek antolatu dute ekitaldia, arabarrek zentral nuklearra berriro zabaltzeko erabakia "guztiz arbuiatzen dutela ikusarazteko".

Ekitaldiari amaiera emateko "Arabako kulturaren pertsonaia nabarmen batek" idatzitako manifestua irakurriko dute.

Garoña berriro irekitzeko espedientean agertuko da Aldundia

Gaur goizean Diputatuen Kontseiluak onartu duen moduan, Arabako Foru Aldundia agertuko da Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioan, interesduna denez Garoñako zentral nuklearrarekin loturiko prozeduretan. Horrela, entzunaldia, ikustea eta espedienteetarako eta ingurumen informazio publikorako sarbidea eskatuko ditu.

Zerbitzu juridikoek baieztatu dute Arabako foru erakundea alderdi interesduna dela, bai Garoñarako aldi baterako biltegi indibidualizatua baimentzeko prozeduran, bai zentralaren baimena berritzeko prozeduran. Aldundiak bide ez-ofizialetatik izan du bi espediente horien berri, Ministerioak inola ere ez baitu bera informatu edo kontuan hartu espediente hauetan.

Hala ere, Foru Aldundiak uste du bi espedienteak, zeinen ebazpena oraindik ez baita hartu, eragina dutela erakundean eta bere bidezko interesetan. Izan ere, Ingurumen eta Hirigintza arloetako eskumenak ditu. Halaber, hurbiltasun geografikoagatik, zentral nuklearraren babes zibileko plan zuzentzailearen barruan dauden administrazio publikoetako bat da Aldundia.

 “Ezin daiteke auzitan jarri Arabako foru erakundeak bidezko interesa duela edozein ekintza edo prozeduratan, horren emaitza bada zentral nuklearretik oso hurbileko ingurunean dauden pertsonak eta beren ondasunak direla-eta foru administrazio honek babestu behar dituen askotariko interesetan zuzeneko eragina izan dezaketen administrazio egintzak edo araugintza xedapenak hartzea”, dio txosten juridikoak, aldi baterako biltegi indibidualizatuaren proiektuari buruz eta orobat zentrala ustiatzeko baimenaren berritze posibleari buruz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide