"Erronka dugu gure ardoa bereiztea, balioa ematea"

Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute 2016ko mar. 11a, 13:59

Eduardo Aginako Lopez de Suso (Gasteiz, 1963) Nekazaritza diputatuak ALEAk egindako elkarrizketan zerrendatu ditu sailaren ildo nagusiak eta lehentasunak zeintzuk izango diren.

Halaber, zenbait gai polemikoren inguruko azalpenak eman ditu; besteak beste Noryeste zein Barron urtegiak hizpide izan ditu eta luze hitz egin du Arabako Errioxako ardoa bereizteko beharrari buruz.

Eduardo Aginakok nabarmendu du herrialdeko nekazaritzaren etorkizuna bermatzeko ezinbestez gazteak erakarri  behar direla: "Interesatzen zaigu edozein pertsona, proiektu bat duena, eta landa eremuan kokatu eta bizi nahi duena".

Ordaintzeke dauden Nekazaritza Sektorearentzako Laguntzen Planaren diru-laguntzak ordaindu al dituzue?

Bai. Pasa den asteazkenean ordaindu zituzten.

Bateragarria da ibaien emari ekologikoa zaintzea eta nekazaritza lurrak babestea? 

Nekazariak eskatzen ari dira jarduera protokolo bat zehaztea emarien mantenua egiteko, baina saihestezina da euri asko egiten duen sasoietan ibaiek gainezka egitea, beti gertatu da. Nekazarientzat inportantea da zabalera hidrauliko nahikoa izatea ibaiek ohikoak diren uholdeak modu naturalean hartzeko. Hori betidanik egin da, ibilgu horiek zaindu dira; aldatu dena da orain Uraren Euskal Agentziak zenbait baimen eman behar dituela kasu hauetan. Diputazioak Urarekin, Ingurumen sailarekin eta nekazariekin protokolo bat adostu nahi du, eta bertan metodologia eta garbiketa lotu. Asmoa da lan hori bizkortu eta sendotzea.

Barrongo egitasmoa zer da? urtegia, urmaela? Egungo beharretara egokitutako proiektua da?

Diputazioan ez dugu inongo eragozpenik terminoarekin, urtegia deitu nahi dionak urtegia deitu diezaiola, ez dugu arazorik. Neguko urak bilduko dituen ureztatzeko urmaela da, esklusiboki nekazaritzan eta eskualdean erabiltzeko urak bilduko dituen urmaela. Ekonomikoki eta teknikoki bideragarriak ziren kokaleku guztiak eta alternatiba guztiak aztertu ondoren ebatzi da hura dela aukera onena eta bakarra. 50 hektarea nekazaritza lurrak okupatuko ditu, baina 8.000 hektarea nekazaritza lur ureztatzeko balioko du. Bestalde, Diputazioaren aldetik konpromisoa dago  kaltetuko diren hiru ustiategiak ez direla desagertuko. Aldaketa klimatikoa ematen ari da, eta laboreetan ere aldaketak etorriko dira, aukera berriak egongo dira. Beraz, baldintzak sortu behar ditugu Arabako Bailarak etorkizunera begira alternatibak izateko, eta ureztatu gabe ez dago aukera produktiborik, dagoen modu bakarra da uda sasoian ibaietako urak erabiltzen jarraitzea. Ikusi behar da zer nahi dugun: 50 hektarea okupatu eta ingurumenean eraginik ez duen urmaela eraiki edo ibaietatik urak biltzen jarraitu.

2016. urtetik mahastiak landatzeko eskubideak desagertzen hasiko dira eta landatzeko baimenak ematen hasiko dira. Zer ondorioak izango ditu neurriak?

Orain arte mahastiak landatzeko baldintza batzuk zehazten zituen Bruselak: kupo batzuk ezarrita zeuden eta hortik gora ezin zen gehiago hazi. Hemendik aurrera eta 2030. urtera arte, era mailakatuan, mugatuta zeuden eskubide horiek baimenak bilakatuko dira, eta pixkanaka liberalizazioa ezarriko da. Arabako Errioxan ezin dugu azalera handitu, gure erronka ez da handitzea, ez dugulako azalera gehiago. Prestatu behar gara agertoki produktibo eta komertzial berrira non mahastizaleek aukera gehiago izango dituzte. Aurrean dugun erronka gure produktua, gure ardoa bereiztea da, baloreak gehitu behar dizkiogu, identitatea, barietatea, labore modua, eta 2030. urtetik aurrera eskualde mahastizale inportanteena eta ospetsuena izaten jarraitu. 

Irakurri elkarrizketa osorik aldizkariaren 53. alean. Harpidetzeko, sakatu hemen.  

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide