Arabako urtegi berria gelditzeko plataforma martxan

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko mar. 10a, 12:17

Erakundeen "gardentasun falta" salatu du sortu berri den Barron-Añana urtegiari Ez plataformak. Datozen egunetan talde politikoekin bilduko da eta bitartean, abian jarri du egitasmoaren kontrako sinadura-bilketa.

Barron-Anaña urtegiari ez plataforma aurkeztu dute gaur goizean. Barron eta Atiega artean Arabako urtegi handienetakoa eraiki nahi dute Espainiako Gobernuak eta Ebroko Ur Konfederazioak eta proiektua gelditzeko kaltetuak diren eta ez diren bizilagunek, nekazariek, ordezkari politikoek eta talde ekologisten kideek plataforma eratu dute.

Batetik, 56 hektarea okupatu eta ia 200 milioi euroko kostua izango duen urtegiaren proiektua gelditzeko eskatu dute. Horrez gain, Arabako Foru Aldundiak egitasmoaren inguruko informazio zehatza eman dezan eskatu du plataformak eta horretarako, kaltetu guztiekin prozesu parte hartzaile bat martxan jartzea proposatu du. Azkenik, alegazioak aurkezteko epea luzatzea eskatu dute plataformako kideek.

 

 

Erakundeen "gardentasun falta"

Urtegiaren aurkako plataformak azaldu du Arabako Bailaretako eremu ureztagarriak "hobetzeko eta modernitzateko" prest dagoela, baina urtegi berriaren aurka dago. Besteak beste, egitasmoa martxan jartzeko tramitazioa ilegala dela dio, "Ebro Harroko Plan Hidrologikoan ez baitzaio erreferentzia egiten". Horrekin batera, inplikatuta dauden erakundeen "gardentasun falta" salatu dute plataformako kideek, izan ere, alegazioak aurkezteko epea abuztuan izatea "susmagarria" dela adierazi dute. Ildo horretan, Arabako Foru Aldundiari "baltsa" esan ordez, "urtegi" bat izango dela esatea eskatu diote.

Bestetik, proiektuak bertako bizilagunak kaltetzeaz gain, eragingo lukeen ingurune impaktua larria izango dela ohartarazi dute.

Azkenik, urtegiaren egitasmoaren atzean "ezkutuko interesak" antzematen dituzte Añanako herritarrek eta urarekin negozioa egin nahi dutela uste dute.

  Datozen egunetan talde politikoekin bilduko da plataforma. Horrez gain, bestelako ekintzak ere aurrera eramango dituzte, hala nola, Change.org plataforman martxan dagoen sinadura-bilketa. Dagoeneko, urtegiaren aurkako 400 sinadura inguru bildu dituzte.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide