Diru gehiago, Martiodako ingurumen heziketako programa gauzatzeko

Erredakzioa 2016ko mar. 9a, 08:26
Irudia: Quintas, Arabako Foru Aldundia

Martiodako Faunaren Suspertegia kudeatzeko aurrekontuak %32ko gehikuntza izan du eta Pagoa Consultores Ambientales SL enpresari esleitu dio Foru Aldundiak.

Martiodako Faunaren Suspertegiaren kudeaketa Pagoa Consultores Ambientales SL enpresari esleitzea erabaki du Arabako Foru Aldundiak. Enpresa horrek zerbitzuaren kudeaketa integralaren ardura izango du, 219.047 euroko aurrekontuarekin. Epeei dagokienez, enpresak 2016 eta 2017an izango du kudeaketaren ardura, eta beste bi urtez luzatu ahal izango da.

Martioda kudeatzeko aurrekontuak %32ko gehikuntza izan du aurreko urteen aldean. Gehikuntza horrek bere instalazioetan diharduten langileen kopurua handitzeko balioko du. Izan ere, instalazio horietan, Aldundiaren Ingurumen Sailak indartu egin nahi ditu ikerkuntza etologikoa eta fauna eta biodibertsitatearen inguruko herritarren sentsibilizazioa. Horretarako, foru erakundeak ingurumen heziketa eta zabalkundeko programa gehiago egin ditu.

Orain dela 40 urtetik, Martiodako Faunaren Suspertegia erreferentzia puntu bat da natura ingurunean bizirik irauteko ezindurik dauden basa faunako espezieak zaindu, mantendu, birgaitu eta, ondoren natura ingurunera bueltatzeko, suspertzearen arloan. Izan ere, zentroa 1975ean abian jarri zenez geroztik, 11.500 animalia baino gehiago pasatu dira bertako instalazioetatik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide