Bidegorri berriak Gasteizen, Vasco-Navarroaren bizikletentzako ibilbidea osatzeko

Erredakzioa 2016ko martxoaren 4a

Irudia: bizikleteandoarkaiate.wordpress.com

Olarizu eta Gamarra lotuko dituen bizikletentzako bidea osatuko da.

 Vasco-Navarroaren bide berdeko bizikletentzako ibilbidea osatuko du udalak Gasteizko zatian. Helburua garai batean Lizarra eta Bergara Gasteizen barrena lotzen zituen trenbidearen trazaduraren turismoa sustatzea da eta bidez batez, Gasteizen dauden zenbait mugikortasun arazoei aurre egitea. Besteak beste, 30 seinale inguru jartzea aurreikusi du udalak, Gasteizen bide berdea seinaleztatzeko.

Bidegorri berriak

Ibilbide hau osatzeko hainbat dira hirian egingo diren aldaketak eta horrela, Olarizu eta Gamarra lotuko dituen bizikletentzako bidea osatuko da. Iaz Aldundiak Zubigarai eta Otazu arteko zatian igarobidea jarri zuen. Hori pasa ondoren eta berriro Gamarran bide berdea hartzeko, bidegorri berriak jarriko dituzte. Hala, Heraclio Fournier kaleko bidegorria (Esmaltazioen ingurua) Herrandarren kalearen hegoaldeko muturrarekin lotuko da.  Bi noranzko bidegorria izango da, motordunen trafikotik balizaz eta banatzailez bereizia eta babestua. Egitekoa den zatia Esmaltazioen biribilgunetik abiatuko da.

Ondoren, beste bidegorri batek Herrandarren kalea Zaramaga kalearekin lotuko du, Ballester Apezpikuaren kalean eta Legutioko atean barrena. Honako hau hirian azken urteetan ezartzen ari den Mugikortasun Iraunkorrerako Planaren barruko proiektua da, hain zuzen ere.

  Horrekin batera, Aranbizkarrako parkea inguratzen duen bidegorria Madril eta Zaramaga kaleen arteko bidegorriarekin lotuko dute, Burgos kalearekiko bidegurutzean. Bi noranzko bidegorria izango da, motordunen trafikotik balizaz eta banatzailez bereizia eta babestua. Aldi berean, segurtasuna hobetuko da Burgos kaleko oinezkoentzako pasabidean..

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago