Nerea Martinez Aranburuzabala, 1976ko martxoaren 3an hil zuten Pedro Mari Martinez Ocioren iloba eta Martxoak 3 elkarteko kidea, Alea FM irratsaioan izan zen. Aurten ospatzen den gertaeren 40.urtemugaren atarian, egunotan elkarteak antolatu dituen ekimenen berri emateaz gain, martxoaren 3ko biktima baten senide bezala sentitzen duena azaldu zigun. "Biktimek behar dutena, biktimaren zama hori gainetik kentzeko, zigorgabetasunarekin bukatzea da". Horrez gain, aitortza ondo dagoela adierazi zuen, "baina hori ez da gure erreparazioa". Ildo horretan, erakundeen eta alderdien lana ezinbestekoa dela gaineratu zuen.