BAT txartela onartuko du Arabako eskualde arteko garraio zerbitzu berriak

Erredakzioa 2016ko mar. 2a, 11:56

Urtearen bigarren erdirako funtzionatzen hasiko dela aurreikusten da.

 Eskualde garraioko foru zerbitzu berriak BAT txartela onartuko du ordaintzeko bide bezala, eta erabiltzaileei ohiko tarifetan deskontuak izateko aukera emango die, gaur egun autobus linea erregularretan egiten den bezala. Arabako Foru Aldundia, gainera, linea horietako bidaiariei autobus-aldaketetan hobariak ematea aztertzen ari da.

 Eskualde garraioaren eredu berri hau urtearen bigarren erdian funtzionatzen hasiko dela azaldu du gaur Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko diputatu Josu López Ubiernak. Helburua, esan duenez, landa eremuetako taxiek linea erregularreko geltokirik gabeko herri txikietako biztanleei ematen dieten eskariaren araberako zerbitzua hobetzea da.

 

Telefono eta webgune bidezko erreserba

Beste aldaketa bat izango da telefonoz eta webgunearen bidez erreserba egiteko sistema zentralizatu berri bat sortuko dela, zerbitzu emailearekin zuzenean erreserba egiteko ohiko bideaz gainera.

 Garrantzizko beste berritasun bat izango da erabiltzaileek eskualde garraioa erabili ahal izango dutela oinarrizko zerbitzuak (osasuna, hezkuntza, merkataritza, etab.) dauden eskualdeko hiriburura joateko, eta ez beren bizilekutik hurbilen dagoen autobus geltokira hurbiltzeko bakarrik.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide