Bidaiari gehiago, Arabako garraio linea berrietan

Erredakzioa 2016ko ots. 29a, 14:12
Arabako Foru Aldundia

 Otsailean % 30 egin du gora erabiltzaileen kopuruak.

Arabako Foru Aldundiaren errepide bidezko hiriarteko garraioaren linea berrietako bidaiarien kopuruak % 11 egin du gora lehen hil hauetan.  Otsailean, esaterako gorakada hori % 30ekoa izan da.

 Josu Lopez Ubierna Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatuaren iritziz emaitza horiek ibilbideak eta maiztasuna hobetu izanaren, autobus erosoagoak eta berriagoak jarri izanaren eta BAT ordainketa txartela sartu izanaren ondorio dira.

 Arabako Errioxako eta Aiarako linea berrituen emaitzen eta funtzionamenduaren lehen balantzea aurkeztu du gaur prentsaurrekoan Lopez Ubiernak, bai eta Arabako Erdialdeko linea berriena ere. Lehenak 2015eko ekainaren bukaeran jarri ziren abian eta bigarrenak iragan urriaren 25ean. 

 Urte artekoa kontuan izanez gero, % 11 egin du gora bidaiarien kopuruak autobus linea berrietan. Arabako Errioxako, Aiarako eta Araba Erdialdeko emakida zaharrek, berritu aurreko hiletan, beheranzko joera nabarmena erakusten zuten, ia % 20ko beherakada. Linea berriek, aldiz, beherakada eten eta gero, bidaiarien kopurua goranzko bidean jarri dute.

 Hurrenez hurren % 18ko eta % 6ko gorakada izan dute Arabako Errioxako eta Aiarako lineek, abian jarri zirenetik; alegia, hobetuz doaz emaitzak apurka-apurka, eta otsaila ia % 30eko gorakadarekin itxiko dute. Araba Erdialdeko linearen bilakaera ere ona izan da bere bizitzako lehen lau hilabeteetan, eta 2015eko azarotik 2016ko otsailera % 6 egin du gora.

 Arabako Erdialdeko linean ere bidaiarien kopuruak gora egin du mailaz-maila, eta otsaila bukatuko du ia % 17,5eko igoerarekin.

 

 BAT txartelaren harrera ona

Diputatuak baieztatu du BAT txartelaren onurak "begi-bistakoak" direla; eta horrexek azaltzen du herritarrak hain ondo hartu izana ordainketa bide hori. Aiarako lineatan % 60k ordaintzen du BAT txartelaren bidez, Araba Erdialdekoetan % 50ek eta Arabako Errioxakoetan ere % 25 baino gehiago dira. Joera goranzkoa da eta batez besteko horiek gorago egitea espero dugu”.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide