N-124 errepideko tarte arriskutsuenak konponduko ditu Aldundiak

Erredakzioa 2016ko ots. 26a, 09:27

Berantevillako saihesbidea eta AP68 autobiderako lotune berria izango dira agintaldi honetako beste esku hartze batzuk.

Agintaldi honetan, Arabako Foru Aldundiak konponbidea ezarriko die N 124 errepideko tarterik arriskutsuenei. Hain zuzen, bidegurutze gatazkatsuenak kendu eta/edo egokituko ditu, eta Lacorzanillako industrialderako bideak hobetuko ditu. Berantevillako saihesbidea eta AP68 autobiderako eta Zanbranarako lotune berria izango dira esku hartze nagusiak.

 Josu Lopez Ubierna Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatuak agerraldia egin du gaur Batzar Nagusietan, Errepideen Foru Sareko lehentasunezko bide horri buruz duela hilabete onartutako mozioa betetze aldera hartzen ari den neurriak azaltzeko. Bertan iragarri ditu esku hartze horiek, izan ere, istripu gehien izaten diren tarteetan segurtasuna hobetzea eskatu zen mozio horretan.

 Lacorzanillarako sarbidea hobetzea; bidegurutze berria eraikitzea, bi mailatan, AP68 autobiderako eta Zanbranarako lotunetzat balio dezan; eta saihesbide berria Berantevilla herrian, gaur egungo bidegurutzea kentzea ahalbidetuko duena. Hauek dira, hain zuzen, egin nahi dituzte hobekuntzak.

Era berean, N-124 errepideko beste gune batzuk ere hobetuko dituzte; esate baterako, Buradon Gatzagako bidegurutzetik gertu dagoen gasolindegiaren pareko tartea, istripu ugariko eremua baita.

 Lehenengo obrak 2016. urtearen amaieran edo 2017ren hasieran lizitatzea aurreikusten du Aldundiak.

  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide