Diseinu grafiko onenentzat, saria

Itsaso Estarrona 2016ko otsailaren 25a

Arabako diseinu grafikoaren proiekturik onenek Diga saria jasoko dute ostiral honetan Goiuri jauregian. 

Arabako diseinu grafikoaren profesionalen Diga elkarteak sari-banaketa gala antolatu du ostiralerako (otsailak 26), 19:30ean Gasteizko Goiuri jauregiko Martin de Salinas gelan. 

Bost motako diseinuak jaso ditu epaimahaiak otsailaren 12ra arte: identitate korporatiboa, editoriala, publizitate grafikoa, online diseinua, packaging, ikus-entzunezkoa eta ikasleak. Aukeraketa ahalik eta objektiboena bermatzeko asmoarekin, Arabatik kanpoko profesionalekin osatu dute epaimahia. Honezkero erabakia hartuta, saridunak nortzuk diren jakinaraziko dute ositarleko galan; bertara gonbidatu dituzte hainbat sortzaile, elkarte, politikari eta instituzioetako ordezkari.

Diga elkartea

Arabako diseinu grafikoaren profesionalen lehenengo elkartea da Diga. Arabako diseinu grafikoaren arloan egindako lana nabarmentzea du helburu, baita lan horrek gizartean bertan zein enpresa munduan duen garrantzia ezagutarazi ere. Horretarako, euren lan esparruaren profesionaltasuna aldarrikatzeko ekintzak antolatzen dituzte, bidea egiteko dagoela ohartarazita: “Askotan gure lanaren garrantzia ezezaguna da erakundeetan, enpresetan eta ikasleen artean, baita gizartean orokorrean ere”, adierazi dute. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago