Gaur eta bihar, Umeen Parte Hartzerako I. Topaketa egingo da Barriako aterpean. Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken Sailak eta UNICEF Euskal Herriko Batzordeak antolatu duten topaketa honetan Samaniego eta Santa Maria Ikastetxeetako 8 eta 14 urte bitarteko 60 ume inguru elkartuko dira. Bertan, Arabako hiriburuko umeekin berekin haurren eskubideei buruzko lana sustatuko dute, haurren parte hartzea gai nagusitzat hartuta.
Bi egunetan, umeek beren eskubideak aztertu eta horietaz hausnartuko dute, dinamika eta jolasen bitartez eta taldean lan eginez. Los Glayus elkarte asturiarreko 6 dinamizatzaileren laguntza izango dute. Psikologoek, animatzaile soziokulturalek, hezitzaileek eta gizarte langileek osatutako elkartea da, bereziki hezkuntzaren alorrera zuzendutakoa. Ostegun arratsaldean, hiri ikerkuntza abentura bati ekingo diote, haurren eskubideak ezagutu eta umeen parte hartzea sustatzeko; ondoren, helduei aurkeztuko dizkiete proposamenak, haiek erantzun edo bultzatu ditzaten.
UNICEF Euskal Herriko Batzordeko koordinatzaile Elsa Fuentek parte hartzeko eskubidea nabarmendu du, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenean jasota baitago: “Gure ustez, funtsezkoa da ume guztien iritziak eta hausnarketak entzutea, eta UNICEFek udaletan zabaldu nahi duen Haurren Lagun diren Hiriak programaren ildo nagusietako bat da. UNICEFek ume eta nerabeen bizi-baldintzak hobetzen lagundu nahi du, haien garapen integrala eskubideen ikuspuntutik bermatzen duten udal politikak sustatuz eta ezarriz. Topaketa hau aparteko aukera da ume eta nerabeen ahotsaren garrantzia azpimarratzeko, haien familia, komunitate eta udaletan kontuan har ditzaten”, azaldu du Elsa Fuentek.