Oliba olioaren kanpaina martxan jarri du Errigorak

Erredakzioa 2016ko ots. 19a, 12:08

Otsailaren 19tik martxoaren 2ra, Nafarroa hegoaldeko oliba olio birjina estra ekoizle zein kontsumitzaileentzat bidezkoa den prezioan eskuratzeko aukera egongo da.

Errigora elkarteak Nafarroa hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainaren lehen atala aurkeztu du Gasteizen. Oliba olioa izan da aurkezpenaren protagonista handia. Otsailaren 19tik martxoaren 2ra, herritarrak harpidetzeko aukera izango dute eta urte osorako oliba olioa jasoko dute etxean. Hala, Nafarroa hegoaldeko oliba olio birjina estra eskatzeko tartea izango da, 5 litroko bidoietan, ekoizle zein kontsumitzaileentzat bidezkoa den prezioan. Bidoi ekologikoa 32 euroan eta konbentzionala, 22 eta erdian: errotan bertan duen prezio bera. Aurtengoan olioa lau ekoizlek jarriko dute: Cascanteko La casa del aceitek, Ablitasgo kooperatibak, San Isidro del Pinarreko Bardeak eta Arroitzeko Ekolok.

Bionekazaritza elkarteak, Bio Alai kontsumitzaileen elkarteak, Sorginsoro eta Saskibarazki kontsumo taldeak, Armentia ikastola, AEK, Errexala elkartea, Zabalortu hiribaratze proiektua, Lantzale eta Beheko sua elkarte gastronomikoak, Zigoitia eta Ozaetako ekonomatoak eta norbanakoak izan ziren Errigorak Gasteizen egin zuen agerraldian. Bertan, oliba olioaren dastatzea egiteko aukera izan zuten ekitaldiaren amaieran. 

Bertako ekoizpenari bultzada

Eskutik eskura kanpaina Nafarro hegoaldeko produktuak gaur egungo kontsumo estilora hurbiltzeko ideiarekin sortu zen. Gaur egun, 50 herriko sare komertziala sortu dute eta 9.100 olio bidoi baino gehiago banatu dituzte guztira. Kanpainaren helburuak, elkarteak aipatu duten bezala, bertako ekoizpenari bultzada ematea, kalitatezko produktuak eskaintzea eta ekoizelak euskarara erakartzea da. 

 

 ESKAERA EGITEKO

-Internet bidez: www.errigora.eus

-Gasteizko hainbat lekutan banatuko diren eskuorriak bete eta AEKren euskaltegietan entregatuz   

 

ESKAERA JASO ETA ORDAINDU

Martxoaren 15ean edota 16an

Arana AEK euskaltegian, 18.00etatik 20.30era. 

Informazio gehiago: www.errigora.eus

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago