Negua heldu da Arabara

Erredakzioa 2016ko ots. 15a, 10:02
Izaskun Perez Ibabe

Mendate guztiak zabalik daude. Herreran, Urduña eta Zaldiaranen kateak beharrezkoak dira. Elur-kota 500 metrora jaitsi daiteke arratsaldean.

Negua heldu da Arabara. Gauen lehen elur malutak erori dira lurraldeko puntu ezberdinetan eta goizeko lehen orduetan Gasteizen ere agertu dira.

Momentu honetan, mendate guztiak daude zabalik eta Herreran, Urduñan eta Zaldiaranen kateak beharrezkoak dira, Foru Aldundiako Neguko bidezaintzak iragarri bezala. Arabako errepide sareko puntu askotan arretaz gidatzea gomendatzen dute, besteak beste, Aiurdin, Altube, Barrerilla eta Bernedon.

AP-8 autobidean istripu bat gertatu da, Amurrion (Araba). Pertsona bat zauritu da eta ospitalera eraman behar izan dute, SOS Deiakek jakinarazi duenez.

 

Kontsultatu Arabako Errepideen Egoera

 

Elurra nagusi hurrengo orduetan

 Hurrengo orduetarako aurreikuspenek diote, elurra protagonista izango dela, izan ere, elur-kota 500 metrotik jaitsiko da. Euskalmeten iragarri bezala, arratsaldean 300 metrora jaitsiko da, noizean behin 200 metrira. Iparraldeko eta ipar-ekialdeko haizea zakar ibiliko da. Tenperaturari dagokionez, neguko balioak, altuenak 5 eta 8ºC artekoak izango dira. Gasteizen, esaterako, 0 eta 4 graduen artean ibiliko da gaur tenperatura. Barnealdean, izotza egingo du.

Bihar, prezipitazio gutxiago espero da, baina hotz handiagoa egingo du eta elur-maila ere beherago egongo da, 300 m inguruan. Izotza egingo du eta tenperatura -1 eta 3 graduen artean mugituko da.

 Elurteetarako Plana martxan

Gasteizko Udalak Elurteetarako Planaren larrialdi aurreko fasearen barruko lehen neurriak hartu ditu, atzo 12:00etan aktibatu baitzen. Gaur eta bihar elurra 500 metrotik behera egin dezakeela iragarrita dagoenez, Prebentzio eta Su Itzaltze Zerbitzuak hortzez eta banagailuz hornitutako zazpi kamioi prestatu ditu, hiriko leku estrategikoetan esku hartzeko, bereziki tunel eta aldapetan.

Orobat, gatz edukiontzi bana eraman dira Mendigorritxuko instalazioetara (Jundizko industrialdean), eta Udal Eraikinetako Mantentze Sailaren instalazioetara (Oreitiasolon).

Twitterreko “VG_elurranieve” profil ofizialean eta Facebookeko “Elurra Vitoria-Gasteizen / Nieve en Vitoria-Gasteiz” orrian emango da elurraren kontrako operatiboaren berri zehatza.

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide