Euskalkiak.eus web orrialdeak gaur egungo euskara mintzatuaren berri ematen du. Bertan Euskal Herri osoko albisteak daude ikusgai baina euskalkiei eskaintzen zaie lekurik zabalena: haien gaineko sailkapenak, haien sorlekuak eta haien ezaugarri nagusiak aurki daitezke.
Euskara batuaren gaineko argibideak ere badira; baita euskara batu hori eremu dialektal bakoitzera egokitzeko argibideak ere. Euskal Herri osoan grabatutako bideoak ere badira. Hiztun gazteak agertzen dira gehienetan. Bakoitzak bere lanbideaz edo zaletasunaz dihardu bere herriko hizkeran edo hizkera horretara egokitutako batuan.
Web orrialdea Euskal Herriko Unibertsitatearen babespean sortu da eta egun Oneka Alvarez, Xabier Eizagirre, Iñaki Iñarra, June Lauzirika, Teresa Portugal eta Koldo Zuazok osatzen dute lan taldea.
Hain zuzen ere, Koldo Zuazo hizkuntzalaria, EHUko irakaslea eta euskaltzain urgazleak ostegunean aurkeztu zuen webgunea Oihaneder Euskararen Etxean. Asteartean Alea FM irratsaioan Zuazorekin hitz egiteko aukera izan genuen.