Gaur goizean Aernnovako langileek elkarretaratzea egin dute Foru Aldundiaren aurrean, Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalezekin bildu baina ordu erdi lehenago. Bilera honetan, momentu honetan Berantevillan kokatzen den enpresak dituen zailtasunak aztertuko dituzte Aernnova enpresako lan batzordeak eta Gonzalezek.
Aurreko ostiralean, Aernnovako zuzendaritzak lan batzordeari jakinarazi zion lantegian behargin gutxiago izatea ezinbestekoa zela eta lantaldea 400 edo 430 langilera murriztu nahi du zuzendaritzak. Modu honetan, 145 lanpostu kendu nahi ditu enpresak.
"Neurri zehatzak" Arabako lantegirako
Gaur goizeko bileran, enpresa batzordeko kideek helarazi diote langileak arduratuta daudela enpresaren jardueraren jarraipenaz, orain arte ez baita hartu neurri jakinik horretarako. Ramiro Gonzalezek arduratuta egotea ulertzen duela adierazi die langileei eta aldundiak Berantevillako lantegia iraunarazi eta haren etorkizuna bermatzeko neurri jakin batzuk hartu nahi dituela azaldu die. Horrela, Aldundiak Arabako lantegiaren etorkizuna bermatzeko aurrera eramango dituzten neurriak zehazteko eskatu dio Aernnovari, Gonzalezek jakinarazi bezala.
Orain bi hilabete, Arabako Aernnovak 133 lanpostu suntsitzea aurreikusten zuen Enplegua Erregulatzeko txostena bertan behera utzi zuen.