"Frankismoak zioenaren kontra, emakume askok etxetik kanpo lan egin behar zuten"

Erredakzioa 2016ko urt. 21a, 09:55

Aritza Saenz del Castillo Historia Garaikidean doktore emakumeek Gasteizko industrian 1950etik 1975era izan zuten eginkizuna aztertu du liburu batean.

 

Zer lan baldintza zituzten emakumeek Gasteizko industrian frankismo garaian? Nola parte hartu zuten langile borrokan? Zer aukera zuten lantegian maila profesionalaz igotzeko? Galdera horien erantzunak aztertu ditu Aritza Saenz del Castillo gasteiztarrak, argitaratu berri duen liburuan Las damas de hierro. La participación de las mujeres en el mercado laboral de Vitoria-Gasteiz (1950-1975).

 

'Burdinazko damak'. Zeri egiten dio erreferentzia izenburu horrek?

Ikerketak egin direnean, eta batez ere industrializazio prozesuak aztertu direnean, gizonezkoen ikuspuntutik egin da gehienetan. Burdinarekin zerikusia zuen mundu hori gizonezkoena zela pentsatu izan dugu, baina aztertzen baldin badugu Gasteizko industrializazioa frankismo garaian, emakumezkoei lotutako ereduak aurkituko ditugu. Hortik dator Las damas de hierro izenburua. Emakumeek era oso aktiboan parte hartu zuten. 

 

Liburua zure tesiaren zati bat da. Osotasunean, zeri buruzkoa da?

Emakumeen lan merkatua aztertu dut tesian. Lehenengo atal hau industrian oinarritzen da. Bigarrena, zerbitzu domestikoetan, etxe barruan soldatapean egindako lanetan hain zuzen.

 

Emakumeak elkarrizketatu dituzu zure tesia egiteko. Nolakoa izan da prozesua?

Industriako lan-baldintzak hitzarmen kolektiboen bidez aztertu nituenean, hainbat kezka sortu zitzaizkidan. Kezka horiek izan ziren emakumeak elkarrizketatzeko abiapuntua, baina horiez gain beste esperientzia batzuk jaso nituen ere, bai lantegi barrukoak, baita sozializazioaren ingurukoak ere. Diktadura garaiaz ari gara, eta nahiko diktadura patriarkala da.

 

Zer lan mota egiten zuten emakume horiek burdinaren munduan? 

Araban, industrializazioa metalean oinarritu zen batez ere, baina horrez gain metala ez beste esparru batzuk aztertu ditut ere, esaterako kartak egiten dituen Fournier lantegia eta armagintza eta lehergailu lantegiak, horietan emakumeak baitziren nagusi. Bertan zituzten baldintzak aztertu ditut, eta baita lantokietan mailaz igotzeko zituzten aukerak: funtsean, diskriminazio egoera larrian zeuden.

 

Kontaiguzu kasuren bat...

Berrogei elkarrizketa inguru egin ditugu, eta orain ez zait zehazki bat bururatzen. Bereziena hauxe da: suposatzen da frankismo garaian ezkondutako emakumeak lan mundutik kanpo geratu behar zirela, eta estatistikek joera hori baieztatzen dute, baina tesian beste zerbait baieztatu dugu ere; hain justu, merkatu ofizial horretatik desagertu arren, merkatu beltzean aritzen zirela. Emakumearen ibilbide profesionala  ez zen bukatzen ezkontzen zirenean; merkatu ez arautuetara jotzen zuten. Deigarria egin zaigu. Emakume ezkonduak etxean egon behar ziren zioen frankismoaren ideia hori ez zen guztiz betetzen: etxean lan egin bai, baina gainera arautu gabeko lan merkatuetan aritu behar izaten ziren ere. 

 

Sozialki onartuta zegoen hori?

Bai, onartuta zegoen. Frankismoaren propagandak zioen gizonezkoaren soldatarekin nahikoa zela, baina hori ez zen hala, eta emakumeak lanera joateko beharra zegoen. Argitalpen ofizialetan, ordea, emakumezkoen etxetik kanpoko lana gaitzesten zuten.

 

Emakumeek parte hartzen al zuten langile borroketan ere? 

Araban, baditugu langileen borroka indartu zituzten bi data berezi. Lehena, 1951ko greba testuingurua.  Emakumezkoak izan ziren greba azkeneraino eraman zutenak, eta gizonezkoak lantegira itzultzen hasi zirenean, emakumeek presioa egin zieten, lantokian arto aleak botaz, gizonezkoak oso kakatiak izaten ari zirela irudikatzeko. Bigarren mugarria 1976ko martxoaren 3a izan zen. Bertan, emakumeen aldarrikapen  bereziak aurki ditzakegu: gizonezkoen soldata bera, esaterako.

Asko al dago oraindik ikertzeko?

Bai, bai lan munduan, bai historia soziala eta politikoari dagokionez ere. Egiteko gauza asko dago. Hurrengo belaunaldiak horretan arituko direla espero dut.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide