Arabako esparru ezberdinetako 320 eragile bildu ditu Agorak

Erredakzioa 2016ko urt. 21a, 17:58

Lurraldeko ekonomia, gizarte eta kulturako askotariko eragileak elkarrekin harremanetan jartzea du helburu Aldundiaren proiektuak. Gaur izan da lehenengo topaketa Artiumen.

Gaur arratsaldean Arabako Foru Aldundiaren Agora proiektuak lehenengo urratsa eman du. 16.00etan, lehen topaketa hasi da Artium museoan eta bertan izan dira Arabako ekonomia, kultura eta gizarteko 300 eragile inguru. Horrez gain, lau gonbidatu bereziek eskaini dute hitzaldia: Emilio Titos, Espainako Mercedes Benz-eko ekoizpeneko zuzendari nagusia, Katixa Agirre, idazlea eta EHUko irakaslea, Ainhoa Cid, Karten Space-en sortzialea eta 2015eko Yuzz Sariaren irabazlea. Eduardo Anitua, BTI-Biotechnology Institute-eko zuzendari zientifikoa.

‘Araba erronka da’ lelodun egitasmoak lurraldean dauden esparru ezberdineko ikuspuntuak elkarbanatzeko plaza bilakatuko da, non hezkuntza komunitatea (unibertsitateko irakaskuntza, unibertsitatez kanpokoa eta lanbide heziketa), teknologia eta ikerketa zentroak, enpresak, arrisku kapital eta finantza erakundeak, herri administrazioak, enpresa elkarteak, sindikatuak, gizarte laguntza eta elkartasuneko erakundeak, kultura erakundeak eta komunikabideak ordezkatuta egongo diren.

 

 

Parte hartzeko plaza

“Helburua da ekonomia, gizarte eta kulturako askotariko eragileak elkarrekin harremanetan jartzea, Arabak hain beharrezko duen aldaketaren protagonista bihur daitezen. Gune bat sortu nahi dugu, elkarrizketa praktikoa gauza dezaten, lankidetzan jardutera eta elkarren artean etorkizuna sortzearen arduradun direla sentitzera bideratua”, zehaztu zuen diputatu nagusi Ramiro Gonzalezek proiektuaren aurkezpenean. “Horregatik, proiektuari Agora izena eman diogu, solas egiteko, parte hartzeko eta proposamenak egiteko gunea baita”.

Asmoa da sortzen diren elkarrizketa horietatik balizko proiektu edo ekimenak abian jartzea, hortaz, Agora proiektuak eta ekimenak azaleratu, landu eta, gero, gauzatzeko tokia izango da.

Agora elkartzeko gune fisiko bat izango da, baina martxan izango da gune birtual bat ere, prozesua arabar guztiekin partekatzeko, alava.eus webgunearen bitartez. Proiektuak ere badu atari propioa: agora.araba.eus

 

Hiru fasedun egitasmoa

Proposamenak funtsezko hiru fase ditu. Lehenak, eragiketa eta elkarrizketa deritzonak, xede du tartean diren eragileen artean garatu beharreko ekimenak identifikatzea, elkarrizketaren bitartez. Bigarren fasean, gogoeta eta ekintza izenekoan, parte hartzaileek elkarrekin lan egingo dute, lankidetzazko ekimenen irismena mugatu eta zehazteko. Gero, ekimen horiek nola abian jarri eta gauzatu aztertuko dute. Hirugarren faseko zeregina izango da lankidetzazko ekimenetako bakoitzean egindako lana biltzea eta aintzatesteko eta zabaltzeko gunera eramatea.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago