2012ko abenduko "aparteko" paga osorik itzuliko du Aldundiak

Erredakzioa 2016ko urt. 19a, 12:23

Horrez gain, 168.000 euro bideratu dira eskola kirol kanpainako parte hartzaileen joan-etorrietarako.

Arabako Foru Aldundiak urtarrileko azkenetara ordainduko die bere funtzionario eta langileei 2012ko abenduko "aparteko" pagaren azken zatia, Espainiako Gobernuaren aginduz atxikirik zegoena. Ordainketa horrek 2.100 enplegatu publiko baino gehiagori ekarriko die onura, eta 3,2 milioi euroko gastua dakar.

Diputatuen Kontseiluak, gaur, erabaki du "aparteko" paga horren erdia ordaintzea -zehazki %49,73- Administrazio Orokorreko, Gizarte Ongizateko Foru Erakundeko eta Gazteriaren Foru Erakundeko langileei, plantillako ordezkariekin agintaldiaren hasieran bere gain hartu zuen konpromisoa betez.

Erabaki hori ordainketa bakarrarekin gauzatuko da eta urtarrileko nominarekin batera ordainduko da, eta atxikitako nomina itzultzea eragingo du. Arabako Foru Aldundiak ordaindu zuen dagoeneko 2015eko otsaila eta iraila bitartean "aparteko" pagaren erdia, eta orain, ordea, geratzen zen erdia ordainduko die langile publikoei.

Erabaki horrek Administrazio Orokorreko 988 langileri ekarriko die onura eta kopuru horretan sartzen dira gaur egun jardunean egon ez arren neurri horren ondorioak jasan zituztenak; guztira, 1,6 milioi euroko gastua dakar horrek. Diru-zenbateko hori berori jasoko dute Gizarte Ongizateko Foru Erakundearen 1.038 enplegatuek, 2012an behin behineko edo ordezko gisa lanean ari zirenek ere.

Azkenik, Gazteriaren Erakundeko 70 langile inguruk urtarrileko nominarekin batera jasoko dute 2012ko abenduko "aparteko" pagaren erdia, guztira 64.500 euro.

Garraioa kirol eskolentzako

Diputatuen kontseiluak gaur goizean esleitu du kirol eskolako kanpainan parte hartzen duten kirolarien garraio zerbitzua, 2016ko urtarrilaren 1etik 2016ko abuztuaren 31ra bitarteko aldirako. Arabako Foru Aldundiak 168.000 euro bideratuko ditu 17 ibilbide desberdin abian jartzeko, ikasleak Arabako Lurralde Historiko osotik joan daitezen eta horrela asteko entrenamenduetan eta asteburuetako kirol lehiaketetan parte har dezaten.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide