Gainera, artikulu piroteknikoen salmenta ibiltaria debekatu du, eta leku hauetatik urrun jaurtitzea gomendatzen da: ospitaleak, klinikak, hirugarren adinekoen egoitzak, gasolindegiak, polizia etxeak eta larrialdi zentroak, bai eta animaliak edukitzeko zentroak ere. Bizikidetza eta pertsona, animalia eta ondasunen segurtasuna bermatzeko xedea dute neurri horiek.
Azken urteetan, herritar batzuek petardoak, trakak, suziriak, bengalak eta abar erabili ohi dituzte urteko lehen gauean. Baina bizikidetza ere kontuan hartu beharra dagoela dio Udalak, beraz, "Udalari dagokio pertsona, animalia eta ondasunen segurtasuna bermatzea, bai eta Zarata eta Bibrazioen aurkako Udal Ordenantza betearaztea ere", argitu du ohar baten bidez.
Udaltzaingoak jakinarazten du, halaber, suziriak jaurtitzea eta kalibre handiko traka eta petardoak erabiltzea jarduera arriskutsua dela, araututa dagoelarik dagokion administrazio baimena behar duena, eta baimenik gabe erabiltzea isuna dakarren arau-haustea dela. Era berean, Urte Zaharrean Udaltzaingoaren gaueko patruilek esku hartuko dute baimendu gabeko leku eta orduetan petardoak, trakak, suziriak edo beste piroteknia produktu batzuk jaurtitzen ikusiz gero, pertsonek eta konpainiako animaliek atseden hartzeko eta lasai egoteko duten bidezko eskubidea errespetarazteko.