Atzo, Iñigo Urkullu lehendakariak BIKAIN Euskararen Kalitate Ziurtagiriak banatu zituen Gasteizko Europa Jauregian. Ekitaldian, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak, eta Confebaskeko presidente Roberto Larrañagak ere parte hartu zuten.
Orotara, 250 pertsonatik gora elkartu ziren Bikain ziurtagiriaren banaketa ekitaldiaren 8. edizio honetan. Zortzi urte hauetako ibilbidean, 261 dira Bikain Ziurtagiria eskuratu duten enpresa eta erakundeak.Horietan lanean ari diren langileak berriz, 28.400 inguru. Urkulluren esanetan, “gure helburua da euskararen erabilerari aplikatutako kalitate-parametroek toki naturala topatzea gure enpresen eta erakundeen kudeaketan, ekoizpenean eta komunikazioan”.
Besteak beste, Bikain ziurtagiria eskuratu dutenen artean, hedabideen artean honako hauek daude: Gaztezulo, Alea aldizkaria, Aiaraldea, Tolosaldeko komunikabideak, Durangaldeko Herri Komunikabideak… Euskara elkarteen artean, aldiz, Eta Kitto, Geu, Pil-Pilean edota Totoan saritu dituzte, besteren artean.
Ziurtagiria eskuratu duten erakundeen zerrenda
Argazkia: irekia.eus
Aurten, 65 erakundek jaso dute Bikain ziurtagiria, aurreko urteetako bataz bestekoaren bikoitza baino gehiago. Horietatik 41ek goi-mailako urrezko BIKAIN egiaztatu dute; 20k tartekoa den zilarrezko ziurtagiria eta 4k oinarrizkoa. Kanpo-ebaluazio horiek Bikain Ebaluatzaileen Klubeko 158 kidek burutu dituzte. Saridunen artean, besteak beste, GEU elkartea eta ALEA aldizkaria izan dira.