Izan ere, 20 espezietako 319 bikotek atera dituzte aurrera habiak aurten hezeguneetan.
Azpimarratzekoa da koartzatxo txikia eta koartzatxo itzaina lehenengo aldiz ugaldu direla aurten hezeguneetan, bakoitzetik lau habia antzema baitira, denak Betoñuko aintziran.
Denborarekin, Salburuko hezegunea leku estrategikoa bihurtu da Arabako lurraldean ugaltzen diren uretako hegaztiei dagokienez.
2000 urtetik geroztik, Araban ugaldu ziren uretako hegaztien %70-90 bitartean Salburuan ere ugaldu ziren. 2015ean, Araban ugaldu ohi diren espezie bakarrak egin du huts: ubarroi handiak. Araban ugaltzea erabakitzen duten uretako hegaztien bikoteen %25-40 bitartean Gasteizko hezegunea aukeratzen dute.
Datu horiek guztiak direla eta, duela hamarkada batetik Salburua Euskadin uretako hegazti ugaltzaile gehien hartzen duen hezegunea da, Uribarri-Ganboako urtegiaren ondoren. Espezieen kopuruari dagokionez, une honetan autonomia erkidegoan ez dago uretako hegazti habialegileen aniztasun handiagorik duen lekurik.
Hegazti botulismoaren mehatxu biologikoa
Emaitza bikainak lortu arren, autengo udan hegazti botulismoak berriro egin zien eraso uretako hegaztiei. 2014ko udan agertu zen gaixotasun hori hezegunean, eta espezie ezberdinetako 791 hegaztiri eragin zien, uretakoei gehien bat. Aurten berriro agertu zen, baina zorionez Eraztu Berdeko zaindariek berehala antzeman zuten eta azkar moztu ahal izan zuten: 63 aleri baino ez zien eragin. Bi kasuetan uretako hegaztiak izan ziren biktima nagusiak, bereziki basahatea (hildakoen %70).