Ordago Folk taldeak Berpizkunde garaiko Lizarragaren gabon-kanta berreskuratu du

hirinet 2015eko abenduaren 19a

Ordago Folk arabar taldeak bere azkenengo grabaketa aurkeztu du gabon hauetarako, Juan Pérez de Lazarragak idatzitako bilantzikoa, hain zuzen ere.

 

Lazarraga Larreako Dorreko jauna izan zen eta berak egindako eskuizkribuak bere abizena darama. “Barri onak dakart” deritzan gabon-kanta honek euskaraz eta erdaraz dauden bertso batzuk txandakatzen ditu. Garai bereko Francisco de Ocaña-ren beste bertso batean oinarrituta dago. Honetan aurkitzen ditugu kantaren musika-aipamenak. Francisco de Salinasek “De Musica libri septem”-en jasotako folliatik eta Alfonso Pérez de Albak “No me digáis mal, madre” (Cancionero de palacio) egindako lanetik, Ordago Folk-ek doinua berritu, grabatu, eta ondoren sare sozialetan argitaratu du. Berpizkunde garaian oso doinu ezaguna izan arren, gaur egun ia ahaztuta dago. Arabar taldeak bere bertsioa egin du eta bere folk erara (musika herrikoia) moldatu du.

 

Ordago Folk 2014ko udaberrian sortu zen Euskal Herriko musika tradizionala lantzeko asmoz, batez ere. Talde berria izan arren, eskarmentu handiko musikariak dira. Aspalditik dabiltza musika herrikoia eta klasikoa jorratzen Arabako folklore-elkarte, dantza-talde, abesbatza, txistulari eta gaitero bandetan. Ahotsa, txistua, txirula, akordeoia, klarinetea, bibolina, soprano-saxofoia, gaita eta perkusio-txikia jotzen dituzte.

 

Arabar talde honen eginkizun nagusia Euskal Herriko musikan datza, Arabako folklorean gehienbat. Arabako hainbat kantutegi lantzen hasi ginen gure lurraldeko hainbat kantu zahar moldatu eta argitaratzeko asmoarekin.

 

Ikerketa-lan honen emaitza da Arabako eta Euskal Herriko musikarekin zerikusi estua duten hogei abesti baino gehiagoko errepertorioa. Bilduma honetan kanta berriak eta berreskuratuak aurki daitezke. Horiek guztiak ORDAGO FOLK-ek datorren urtean kaleratuko duen diska berrian agertuko dira.

 

Gabonetako opari gisa, Ordago Folk-ek “Barri onak dakart” gabon kanta bere web gunean txertatu du gure herriko poesi eta musika historiaz gozatzeko aukera paregabea eskainiz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago